Arrosa sarearen jardunaldiak iraganen dira martxoaren 18an Baionan

Arrosa Irrati sareak "Euskal Herrian badago zer entzun" lemapean bere jardunaldiak antolatuko ditu martxoaren 18an Baionan. Tailer eta mahainguruaz gain, arratsaldean animazioak proposatuko ditu egitarauak.

Kazeta|2017/03/16 16:30
220px-antxeta_irratia_89
Euskal Herriko 21 irrati biltzen ditu Arrosa sareak.

Arrosa Irrati Sarearen jardunaldien VI. edizioa antolatuko dute martxoaren 18an Baionan. Irratigintzari buruzko formakuntza proposatuko dute egun osoko egitarauaren bidez. Goizean prestatuko dituzten tailer eta mahainguruetaz gain, Baionako Zizpa Gaztetxea hainbat animazioen topalekua bilakatuko da.

Gaur egun, Euskal Herriko 21 irrati biltzen ditu Arrosa sareak. Gisa askotariko irratiak daude, hala nola, libreak, Herriko Etxeetakoak, nazionalak... Agiri batean erakundeak azaldu duenez, guztiek lotura bera dute: euskara. "Gure irratietan euskararen presentzia elkarlanari esker areagotu eta bultzatzeko helburuak batzen gaitu".

Baionan antolatuko dituen jardunaldien xedea "egunerokotasunean ditugun formakuntza eta hausnarketa beharrei" erantzunak proposatzea da. Horretarako, egitaraua abiatzeko bi tailer proposatuko ditu. Alde batetik problematika sozialetan irratiak eduki dezakeen funtzioaz hausnartuko dute parte hartzaileek. Bestalde, irratsaioen hedapena garatzeko sare sozialen erabilpenaz hitz eginen dute.

Ondoren, 12.00etatik 13.30etara Zizpa Gaztetxean mahainguru bat antolatuko du: "Nola erakarri jendea gure proiektuetara". Bazkaritik landa, zozketa eta karaokea prestatuko ditu. Ekimena Koruma eta Muskulo taldeen kontzertuekin bukatuko da.

Jardunaldietan parte ahal izateko ondorengo helbidera email bat bidali behar da: koordinazioa@arrosasarea.eus. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitarau osoan parte hartzeko kostua 15 eurokoa izanen da, kontzertuetara datozenentzat, ordea, bost eurokoa.