Mugaz gaindiko enplegua sustatu nahi du euroeskualdeak

Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak Empleo AE deituriko egitasmoa aurkeztu du martxoaren 14ean Irunen. Proiektuaren xedea mugaz gaindiko enplegua eta harremanak sustatzea da. Informazioa eskaintzeko webgune bat idekiko dute uda honetan.

Kazeta|2017/03/15 15:25
C64eiklxaaat3ig
Empleo AE egitasmoa aurkeztu dute Ficoba aretoan. ©Akitania-Euskadi

Mugaz gaindiko enpleguari buruzko informazioa eskaini nahi du Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak. Gisa horretan, gaur egungo langileen fluxua garatu eta mugaz gaindiko enplegua sustatzeko xedea du. Ildo hori segituz burutuko duen Empleo AE egitasmoa aurkeztu zuen martxoaren 14ean Irungo Ficoban.

Hiru lurraldeetako ordezkariek, hots, Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europar Gaietarako zuzendariak; Andde Sainte-Marie Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Mendi eta Artzaintzako eskualde-kontseilariak proiektuari buruzko xehetasunak azaldu zituzten.

Saint-Mariren erranetan, "160.000 langilek Belgika, Alemania edo Suitzan lan egiteko egunero muga zeharkatzen dute". Euskal Herriari dagokionez, ordea, 5.000 langileek Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Euskadi artean lan egiten dute. Empleo EA egitasmoak mugaz gaindiko enpleguaren egoera ikertu nahi du.

Webgune baten sorrera

Proiektuak 256.000 euroko aurrekontua du eta %65a Europar Batasunak finantzatuko du. "Muga fisiko, linguistiko eta eskumenak kontutan hartuko ditu". Ikerketak arazoei aterabide bat proposatzeko, administratiboki egin daitezkeen aldaketak agerian utziko ditu. Beti ere, harremanak erraztu eta sustatzeko xedez. Ikerketa hori burutzeko euroeskualdeaz gain, enpresa-sare, enplegu zerbitzu, sindikatu eta berrogeita hamar bat eragilek parte hartuko dute.

Diagnostikoa iraila arte burutuko dute. Mugaz gaindiko lanari buruzko informazioa proposatuko duen webgune bat idekiko dute ekaina eta uztaila artean. Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Xehetasun horiek baliagarriak izanen dira enpresa, langile, baita langabetuentzat ere. Aukerenaz hitz egiteaz gain, langile bakoitzak dituen betebehar eta eskubideak plazaratuko ditu euskarri berriak.