Dominika DAGUERRE

CETA, akordio mota berria baina aspaldiko logika

ANALISIA- TAFTA (Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa) edo CETA akordioen jatorria eta bilakaera aztertu du irakasleak. Gainera, horrek merkataritza harremanetan eta multinazionalen botere mailan duen eragina aztertu du, besteak beste.


CETA akoridoa martxoaren 1az geroztik indarrean jarri da. © Bob EDME
CETA akoridoa martxoaren 1az geroztik indarrean jarri da. © Bob EDME

Nazioarteko merkataritza harremanak gure herritar xumeen kezketatik biziki urrun dirudite… alta gure eguneroko bizia da jokoan eta atzera begiratzen badugu, azken hamarkadetan izan den bilakera sozio-ekonomiko eta haren ondorio txarrekin lotura azkarra dutela ohar daiteke.

Martxoaren 1etik, CETA, merkataritza libroa bideratzeko akordioa Kanada eta Europako Batasunaren artean indarrean jarri da nahiz eta ez den oraindik bozkatua izan: alabaina, Europako 38 parlamentuek (estatukoek eta eskualdekoek estatu federaletan, Belgikan, Alemanian...) onartu beharko dute, aho batez; ezeztatuko omen da horietariko batek ez badu alde egiten. Alta, bitartean gauzatuko dira akordio horretan diren arauen %80a nahiz eta aurkako jarrerak ainitz diren eta onura baino kalte gehiago ekarriko duelako iritzia zabaldua den.

TAFTAri doakionez negoziazioak zalantzan dira momentuz, frantses gobernamenduaren jarrera eta Trump presidente berriaren deklarapenak izan direla eta. Dena den estatu batuarren multinazionalen %80ek adarra baitute Kanadan, CETAren bidez Europako estatuetan nahi bezala sartzen ahalko dira. Ez dute gehiago TAFTA horren beharra beraz.

Itun hauek, "belaunaldi berrikoak" direla erraten da, merkataritza libroko ohizko akordioak baino hedatuagoak baitira: aduana zergak apaltzeaz eta trukaketen delako liberalizazioaz gain, arau guztien kentzea (ingurumena, osasuna, elikadurari buruzkoak...) edo guttienez ahal bezain bat tipitzea baitute helburu. Bestalde, enpresa transnazionalei estatuak eta lurralde kolektibitateak auzitan jartzeko ahala ematen zaie. Alta, aspaldi nagusitzen den logika baten ildokoak dira;  nazioarteko merkataritza akordioen bilkaeran kokatu behar dira, guttienez bigarren gerlaz geroztik.

Herrien arteko egiazko partaidetzaren ametsetik multinazionalen interesak nagusi izatera: Habanako Kartatik Munduko Merkataritza Erakundera

Bigarren Gerlaren biharramunean eta NBEren sorrerarekin batera agertu zen mundu berri bat eraikitzeko asmoa, zuzenagoa eta bakearen gainean eraikia. Testuinguru horretan, nazioarteko merkataritza aurautzeko Habanako Karta negoziatu zen, printzipio aurrerakoiak zituena; hala nola:

•    enplegu betetasuna helburu gisa
•    estatuen pagamendu balantza orekatua eta ez truke askea araurik gabe
•    elkarlanerako politikak, Nazioarteko Lan Erakundearen arauak eta NBEko kontseilu ekonomiko sozialekoa aintzat hartuko zituenak
•    kapitalen jarioen kontrola
•    dumping-aren debekua exportazioetan eta inportaketen mugatzeko ahala baldintza ekonomiko berezi batzuetean
•    estatuen eskubidea kanpoko inbertsioen kontrolatzeko baita bertako industriak lehenesteko, barneko garapena sustatzeko bada

Baina garaian zuten pizu eta eraginez baliatuz, Estatu Batuek Habanako Karta ezeztatu zuten eta bertan behera utzi zen, GATT akordioei bidea idekiz.

Akordio horien printzipioak ez ziren batere Habankoen ildokoak, besteak beste:

•    Aduanako hesiak eta zergak kentzea
•    Tratamendu berdina kanpoko eta bertako ekoizkin eta inbertsioentzat
•    Kapitalen zirkulazio askatasun geroz eta handiagoa baita inbertsioena ere; horri lotua estatuen kontrola geroz eta malguagoa enpresa transnazionalen sartze eta aktibitateari buruz
 
Ondoko hamarkadetan, Europako herri batzuek kolonia ohiekin binakako akordioak  negoziatu zituzten, (deskolonizazioa bigarren gerlaz geroztik gertatu zen nagusiki, 70. hamarkadaren erdialderaino). Hasiera batean, akordio hauek estatu berrien merkataritza lehenestea eta horrela  ekonomiaren garapena sustatzea helburu bazuten ere, laister kolonizazio mota berri baten tresnak baizik ez ziren bihurtu: kolonizazio ekonomikoa eta komertziala.

Geroztik "truke askea", hots, merkataritza "libroa", mugarik gabekoa, totema bilakatu eta mundu osora zabaldu da.

GATTeko negoziazioaldi ezberdinak izan ondoren, Munduko Merkataritza Erakundea sortu zen 1994an. Gaur egun munduko estatu gehienak (164) elkartzen ditu. Alta, erakunde horretan berean erresistentziak ageri dira, Hegoko herrien erresistentziak bereziki. Horrela, azken negoziazioek, Dohakoak deituak, porrot egin dute; laborantz produktuen merkataritza zuten gai nagusitzat eta talka egin zuten Ipar eta Hegoko estatuen interes kontrajarriek. Porrotaren ondorioz zituzten multinazionalek aldebiko akordioak lehenetsi (TAFTA edo CETA bezalakoak).

Hegoko herrien kasuan, Europako Batasuna eta kolonia ohien arteko akorkioak adibidez, APE (Accord de partenariat économique) deituak. Akordio horiek kritika asko jasaten dute, izan Hegoko herrietan bertan edota Gobernamenduz kanpoko Erakundeen partetik. Hor ere, merkataritzako mugak kentzea da helburua; Hegoko herri hauen exportazioentzako trabak… baita ere Europatik egindako inportazio eta inbertsioentzakoak. Parez pare beraz munduko eskualde aberatsenetariko bat den Europako Batasuna eta Mendebaldeko Afrikako estatuak adibidez. Harreman desorekatuak salatzen dituzte aurkakoek, helburu nagusia Europako multinazionalen sartzea dela argudiatuz, bertako baliabideak esplotatzeko besteak beste, bertako garapenari muzin eginez eta korupzioari atea zabalduz.

CETA eta TAFTArekin Europa eta AEBko multinazionalen botere handiagoa oraindik

Nazioarteko merkataritza harremanak kudeatzen dituen logika bera nagusitzen da Europako estatuek sortutako erakunde guztietan, Erromako itunarekin hasiz eta Maastrichtekoarekin segituz. Logika bera EBko estatuen arteko trukaketetan, baita kanpoko harremanetan ere.  Europako multinazionalak eragile nagusiak eta itun hauen defentsatzaile sutsuak dira. Beraien interes propioak babesteko presio taldetan antolatuak dira eta eragin handia dute negoziazioetan.

Parean, herritarrak antolatu dira eta ugari eta anitzak izan dira TAFTA eta CETAren aurka izenpetu petizioak eta egindako mobilizazioak eta oihartzuna izan dute  Euskal Herrian. Ez ditugu kontrako argudio guztiak errepikatuko, hemen bertan, Kazeta,infon edo Mediabasken, usu aipatuak izan baitira. Hala ere, gogoan izan behar ditugu arrisku handienak : herriko laborantza ankaz gora eta laborantzaren industrializazioa areagotua eta hedatua, elikaduran diren ondorio guztiekin; ingurumena eta osasuna babesteko arauak tikitzea eta behar liratekeenak baztertzea (enpresen aktibitatea trabatzen omen baitute) eta multinazionalek estatuak auzitan jartzeko ahala, "epaitegi" berezi batzuen aurrean, eta abar.

Bukatzeko, multinazionalek etekinak egiteko eta emendatzeko aukerak zabaldu nahi dituztela ohartu behar da eta hortan bai ez da mugarik… Hurrengo urratsa : zerbitzu publikoak izanen direla susma daiteke. Alabaina,  zerbitzuen merkataritzari buruzko akordio bat (TISA inglesez), ixilpean negoziatzen ari da 50 estatuen artean 2013z geroztik. Zerbitzu guztien liberalizazioa (pribatizazioa hots) da gaia, zerbitzu publiko batzuk barne.

____________________________

1. Iturriak: "Les accords de libre-échange, de l’intérêt général aux intérêts particuliers", Claude LAYALLE, avril 2015 Dossier ATTAC "Les Possibles" été 2014, sur le libre-échange.

2. GATT:  merkataritza eta aduana tarifei buruzko akordioa, 1947an izenpetua; helburu nagusia, trukeketak bultzatzea, aduana zergak eta trukaketen mugak tipituz.

3. Ikus Stop Tafta kolektiboaren bozeramailearen iritzi artikulua Mediabasken 2017ko irailaren 15ean.