Kazeta

Baiona-Donibane Garazi tren zerbitzua bertan behera apirila bukaera arte

Baiona-Donibane Garazi arteko tren ibilbidea hetsia da otsailaren 6az geroztik. SNCFek martxoaren hasieran idekitzeko engaiamendua hartu zuen arren, azkenean apirilaren 30ean berriz martxan jarriko du.

Ibilbidea 2015eko azaroaren 11n estreinatu zuten.
Ibilbidea 2015eko azaroaren 11n estreinatu zuten.

Tren ibilbideko zati bat andeatua denez, SNCF enpresak Baiona-Donibane Garazi arteko zerbitzua hestea erabaki zuen otsailaren 6an. Hain zuzen, Jatsu eta Haltsu artean arazoak agertu ziren. Thomas Gialcomini Sud Rail sindikatuko kideak azaldu duenez, enpresak martxoaren hasieran ibilbidea idekitzeko engaiamendua hartu zuen. Azkenean, epea gibelatzea erabaki du eta berriz martxan jarriko du apirilaren 30ean. Bitartean, enpresak autobusekin zerbitzua eskaintzen du.

2015eko azaroaren 11n Baiona eta Donibane Garazi arteko ibilbidea estreinatu zuten. Aste bat beranduago berriz hetsi behar izan zuten gidari aski ez zituztelako. Sindikalistaren aburuz, "diru publikoarekin egindakoa behar gabeko xahutzea da".

Oroitarazi behar da berritze lanek 62,5 milioi euroko kostua izan dutela. Hori dela eta, Gialcominiren aburuz, hautetsiek gaiaz jabetzea "ezinbestekoa" da.