Kronika
 
Zutik emazteak, hautsi gure kateak!

IRITZIA- Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen nazioarteko egunaren karietara, Euskal Herriko taldeek urtean zehar egiten duten ekarpena azpimarratu du Fontangek. "Bestelako jendarte" bat eraikitzeko, mobilizatzeko beharra nabarmendu du.

Amaia FONTANG|2017/03/06 15:50|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-22_a_18
Amaia Fontang iruditan.

Martxoaren 8a, emazteen borroken nazioarteko eguna...

Egun bat urtero emazteen aurkako erasoak salatzeko eta munduan zehar beren eskubide eta askatasunaren alde eramaiten dituzten borrokak argitan ezartzeko.
Bainan salaketa eta borroka horiek ez dira bakarrik egun batetan kokatzen. Urteko beste 364 egunetan karrikan, etxean, lan munduan, bizi publikoan... genero indarkeriaren errealitate gordina bizitzen dugu eta horren aurka altxatzen gira.

Euskal Herrian ere, munduko hainbat lekutan bezala, indarkeri sexisten kontra lan egiten eta oldartzen gira. Bortxaketak, torturak, lan munduko diskriminazioak, etxeko bortizkeriak.... zerrenda luze honek, planeta osoan patriarkak eta kapitalismoak inposatu nahi diguten legeari aurre egiteko gai izan gira eta beti prest gaude Euskal Herriko emazteak.

70. hamarkadaren hastapenean Iparraldeko emazte batzuk bildu ziren, emazte, euskaldun eta langile bezala, Euskal Herriko emazteek zapalkuntza hirukoitza pairatzen zutela kontzientza harturik. Antolatzeko eta borrokatzeko beharra aldarrikatu zuten eta ekintzara pasa, herri honen mugimendu feministaren ibilbide luzeari atea idekiz.
Iparraldean, Hegoaldean, EEBA, Emazteak Iraultzan, Haizan, Egizan , Eraikizan, Emazteek Diote, Bilgune Feminista, Bortizkeri Sexisten Aurkako Kolektiboa, Altxa Neskatxak, EHZ-ren brigada   ubelak, tokiko hainbat elkarte eta ekintza... Euskal Herriko emazteek bere harria ekarri diogu mugimendu feministari.

40 urteko ibilbide hau malkoz eta pozez eraiki bada ere, hor gaude beti kemenez beterik, mugimendu antolatu baten beharra sekulan baino premiatsuago delarik.
Pasa diren azken bi urteak, Euskal Herrian, urte latzak izan dira emazteen eskubideentzat: besteak beste Rajoy legea espainol estatuan, frantses estatuan "manifa denentzat" mugimendua eta Aillet apezpikuaren integrismoa Iparraldean..., karrikara atera behar izan dugu gure eskubideak errespeta arazteko, gure gorputza eta gure askatasuna ez dizkigutela lapurtuko, ez dutela gure ordez erabakiko ozenki aldarrikatzeko.

Obskurantismoa eta inposaketa berriz ere gure atean ditugularik, dei adarra jo behar dugu sekulan baino gehiago mobilizatzeko garaia baita.  

Bidea oraindik luzea da, Euskal Herriko mugimendu feministak aurre egiten jakin du orain arte eta aurre egiten segituko du, bestelako jendarte bat eraikitzeko xedearekin.

Martxoaren 8 honetan, etxeak eta plazak gure haserre oihuetaz bete daitezen:

Zutik, emakumeak
Hautsi gure kateak
Zutik, zutik, zutik

Emazteen haserre oihua
Munduan entzunen da
Indarra dugu emazte
Milaka bil gaitezen

Elgar ezagutuz, emazte
Elgarri so ta mintzo
Bil gaitezen denak, emazte
Batera oldar gaiten

Elkarrekin emakume
Zapalketa garaitu
Egun guziz armetan gaude
Gora gure iraultza !
( euskarazko himno femisnista)