Iurre BIDEGAIN

Euskal etnopoloaren labela jaso du Euskal Kultur Erakundeak

Estatu frantseseko Kultura Ministeritzak euskal etonopoloaren labela eskaini dio Euskal Kultura Erakundeari. Ondarea eta sorkuntzari buruzko partaidetzak ahalbidetuko ditu aitorpen horrek.

Labelari esker, ondarea eta sorkuntzari buruzko ikerketa bereziak garatuko ditu EKEk. ©EKE Labelari esker, ondarea eta sorkuntzari buruzko ikerketa bereziak garatuko ditu EKEk. ©EKE
Labelari esker, ondarea eta sorkuntzari buruzko ikerketa bereziak garatuko ditu EKEk. ©EKE Labelari esker, ondarea eta sorkuntzari buruzko ikerketa bereziak garatuko ditu EKEk. ©EKE

Estatu frantsesean zortzi erakundek etnopoloaren labela jaso dute. Zerrendari beste erakunde bat gehitu zaio berriki: Euskal Kultur Erakundea (EKE). 1999. urtean sorturiko aitorpen horrek kultura eta ikerketaren alorrean ari diren erakundeen lana goraipatzen du. EKEren kasuan, ahozko memoriaren bilketan egiten duen lana zoriondu du Estatu frantseseko Kultura Ministeritzak.

Labela EKE eta Pariseko Giza Zientzien Goi Mailako Eskolaren arteko partaidetzaren izenean eskatu dute. Aitorpenari esker,  EKEk eskola horrekin baina baita Ipar Euskal Herriko erakunde zientifikoekin ere eginen du lan, Terexa Lekunberri euskal erakundeko langileak azaldu duenez. Hala nola, Iker zentroa, Euskaltzaindia, Baionako mediateka, Eusko Ikaskuntza, Baionako Euskal Museoa eta departamenduko fitxategiak.

Etnopolo bakoitzak gai tekniko batzuk lantzen ditu. Euskal erakundearen kasuan, ondarea eta sorkuntzaren arteko loturari garrantzia emana izanen da. Gisa berean, beste hiru gai landuko ditu: ahozko memoria, euskal kulturaren atari baten sorrera eta hizkuntza aniztasuna. "Lau gai horiei buruzko kultura ekintzak aitzina eramanen ditugu eta aldi berean ikerketa proiektuak martxan jarriko ditugu", aipatu du Lekunberrik.

Labelari esker EKEk laguntza ekonomikoa jasoko du, bereziki formakuntza arloan eta kolokio zein mintegiak antolatzeko ere. EKEko kideak jakinarazi duenez, maiatzaren 19an kolokio bat antolatzeko xedea du, laster informazio gehiago eskainiko duela erran du.

Ezagupena kanpokoei begira

Hiru urteko iraupena du aitorpenak. Ondotik arraberritzen ahalko du. Horretarako, eskuratu duenak kultura eta ikerketa zientifikoaren bidetik segitzen duela frogatu beharko du, "bata eta bestea uztartuz". Batzuek etnopoloaren labela galdu dutela aipatu du Lekunberrik, hain zuzen ere, eskatzen zitzaizkien ezaugarriak errespetatzen ez zituztelako.

Badira hamar urte erakundeak jendeen lekukotasunak biltzen dituela. Lekunberriren erranetan, ikerketa zientifikoari lotzen hasi da EKE. "Guretzat labela ezagupen bat da, baina batez ere kanpokoei begira", nabarmendu du langileak. Bere aburuz, EKEk ahozko memoriari buruz egiten duen lana "ez da ezaguna", nahiz eta "Ipar Euskal Herrian ezagutzen hasia den". "Kanpoan jende gutxi jakinean da eta labelak beste etnopoloekin trukatzeko parada eskainiko digu. Bidea egitekoa da", erantsi du.