Kazeta

"Zabortegi basati" bat Larresoron

Larresoron "zabortegi basati" bat atzeman duela salatu du Cade ingurumenaren defentsan ari den elkarteak.

Hondakinak metatzen ari dira Larresoroko zabortegian. © Le Cade
Hondakinak metatzen ari dira Larresoroko zabortegian. © Le Cade

Cade elkarteak Larresoron "zabortegi basati" bat atzeman duela salatu du agiri baten bidez. "Aparkalekua iaz handitu zuten obra hondakinekin eta gisa guzietako zaborrekin. Hori dela eta, bada hilabete bat lur lehertze bat gertatu dela etxe batetik hurbil eta horren eraginez arbolak erauzi dituzte", deitoratu du elkarteak.

Azaldu duenez, otsailaren 20az geroztik kamioiek obra hondakinak, igeltsua eta poliestirenoa bezalako materialak zabortegira eramaten dituzte. Ingurumenaren alde lan egiten duen elkarteak azaldu duenez, kamioiak "Leclerc kultur zentro ohitik datoz, Angelutik, Alday obra lekutik".

Bota dituzten hondakinen mota kontutan hartuz, legea errespetatu ez dutela uste du elkarteak. Gainera, urbanismoa eta ingurumenarekiko ere lege hauste bat gauzatu dela dio.