Kronika
 
Handitan txiki izan nahi dut

IRITZIA- Txikitan zer amesten zuenak eta gaur egun egiten duenak zerikusirik ez dutela aitortu du bertsolariak. Hala eta guztiz ere, bere iritziz garrantzitsuena da norberak duena eta denarekin pozik egotea.

Odei BARROSO|2017/02/27 16:25|0 iruzkin
Fotoefectos
Odei Barroso iruditan.

Lehengoan, ikastola batean haurrekin bertsolaritza lantzen ari nintzela, haur batek erran zidan berak handitan futbolaria izan nahi zuela, eta izanen zela. Bartzelonan jokatuko zuela bazekiela erranez segitu zuen, inguruko ikaskideek buruarekin baietz erraten zuten bitartean; ikasgelako liderraren ametsa betetzea denen ilusioa balitz bezala. Ez nion elkarrizketari bide eman. Irribarre egin nuen.

Txikitan futbolari izan nahi nuen nik ere. Agian, kanpoko tenoreetan nahi adina baloi pasatzen ez zizkidatelako, edo agian garaiko liderren gainetik egoteko modu bat izan zitekeelako. Munduko kopan parte hartzen zuten selekzio ezberdinetako futbolarien irudien bildumak genituen, elkarri trukatzen genizkionak. Baina hor ere batzuek pila bat eta besteek gutti. Astelehenetan, lagun gehienak zakua bete irudi iristen ziren ikastolara. Ez nuen ulertzen zergatik gurasoek ez zidaten horrelakorik erosten. Orain, ulertzeaz gain, ez erosteagatik eskertzen ditut. Gaur egun Pokemonen irudiak darabiltzate haurrek esku artean. Espero dut ez dutela handitan Pokemon bihurtzearekin amesten guk futbolari izaterarekin amesten genuen bezala. Garai luze batez ukan nuen amets hori. Ez naiz sekula futbolaria izan, ez eta izanen ere.

Txikitan zinemako aktore izan nahi nuen. Agian ikasgelan arbelera atera eta mutu geratzen nintzelako, edo agian ikasgelan nahi adina protagonismo ez nuelako. Etxean, gurasoek ohera joateko agindu eta kasurik egiten ez genienean ikusten genituen helduen filmeetako pasarteak kontatzen genizkion elkarri, baita arratsaldeko programteko pasarteak ere. Baina hor ere batzuek kontatzeko pila bat eta besteek gutti. Ez nuen ulertzen zergatik gurasoek ez zuten ikaskideen gurasoek begiratzen zutena begiratzen telebistan. Gerora ulertu dut eta horri esker agian ez dut horrelakorik ikusten orain. Gaur egun haurrek telebistan ikusten dutenak beldurtzen nau eta are gehiago beraien seme alabek etorkizunean ikusiko dutenak. Kontuak kontu, ez naiz sekula zinemako aktore izan eta ez dut izateko asmorik ere.

Txikitan sukaldari izan nahi nuen. Agian ikastolako jantegiko janaria maite ez nuelako, edo agian egunero nere askaria zelako ikastolako txarrena. Arratsaldeko kanpoko garaietan askari parteak trukatzen genizkion elkarri: zuk hori neri, nik hau zuri. Baina hor ere batzuek emateko eta hartzeko pila bat eta besteek gutti. Ez nuen ulertzen zergatik gurasoek horrelako askaria prestatzen zidaten ikastolara eramateko. Nehork ez zuen bere Kinder Bueno-a edo Nutella sandwich-a nere urdaiazpikozko ogitartekoagatik aldatu nahi. A zer jelos ezartzen nintzen etxean Steak haché, pizza eta horrelakoak afaltzen zituztela kontatzen zutelarik. Horregatik izan nahi nuen sukaldari: nere askari eta afariak nik neuk hautatu eta prestatu ahal izateko. Beranduago ulertu eta eskertu nien gurasoei horren askari eta afari “txarrak” prestatzeagatik. Gaur egungo haur eta guraso anitzen elikatzeko usaiak beldurgarriak dira. Sukaldatzea maite dudan arren, ez naiz sekula sukaldari profesionala izan, eta ez dut uste sekula izanen naizenik.

Txikitan amets ainitz genituen, heldu bihurtzeko ametsa genuen. Heldu bihurtzean, ordea, berriz ere txiki izateko ametsa dugu. Gaur egun naizena eta egiten dudana ez nuen sekula amestu, baina badakit dudanarekin eta naizenarekin pozik egotea dela amets ederrenak egiteko modua. Horregatik, haur batek handitan zer izan nahi duen erraten didalarik ez diot deus erantzuten, irribarre egiten dut.