Kazeta

Bigarren etxebitzen zerga: erabakia hartzeko epea bukatzear

Otsailaren 28a arte Herriko Etxeek bigarren etxebizitzen zerga emendaketa bozka dezakete. Epea bukatzear denean, herri batzu emendaketaren alde agertu dira eta beste batzuek, ordea, kopuru bera mantentzea erabaki dute. 

Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak ez du igoera berririk bozkatu.
Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak ez du igoera berririk bozkatu.

Bigarren etxebizitzen zerga emendaketari buruzko erabakia hartzeko, denbora bukatzen ari zaie Herriko Etxeei. Otsailaren 28a aitzin erabaki behar dute orain arte %20koa den zerga igotzen zuten edo ez. Ipar Euskal Herriko herri batzuk igoera nabarmenak adostu dituzten bitartean, beste batzuk emendaketa sinbolikoagoak burutu dituzte.

Herriko Etxe batzuek igoera muturreraino gauzatzea erabaki dute. Hala nola, Getaria eta Uztaritzek. Biek %20tik %60ra igo dute bigarren etxebizitzen zerga. Mikel Goyheneche hautetsi uztariztarraren erranetan, Estatu frantsesaren diru laguntzen apaltzeari aterabide bat atzematea izan da arrazoietariko bat.

Gisa berean, emendaketa hori gauzatzea eskatu dio Herri Berri oposizioko taldeak Donibane Lohizuneko auzapeza den Peyuco Duharti. Azken horrek hautetsi guziei gutun bat bidali die bigarren etxebizitzen zerga igoeraren kontra agertzeko. "Zerga %60a igotzea murritzailea" litzatekeela dio auzapezak.

Lehenik, auzapezak argi utzi nahi izan du herriko kontseilua gibelatzearen arrazoiak ez duela deus ikustekorik eztabaida horrekin. Hain zuzen, otsailaren 17an iragan beharrean, martxoaren 10era gibelatu dute. Egun horretan, aurrekontua eztabaidatuko dute hautetsiek eta bigarren etxebizitzei dagokien zerga %20ean mantentzea proposatuko du auzapezak. Haatik, datozen urteetarako Duhartek ez du baztertzen igoera bat adostea, baina "menperatua" eta "leuna" izan beharko litzateke.

%60ko igoerak hirian eraginak izango lituzkeela dio. Halaber, bere ustez, igoera ez litzateke lagungarria izanen jabeek beren etxebizitzak alokatzeko. Auzapezak etxebizitzen politika "orokorra, bidezkoa eta orekatuaren" aldeko apustua egin du. 

Hendaia, Ahetze eta Azkaine

Hendaiako hiriak ere igoera bat bozkatu zuen otsailaren 14ean, %1ekoa hain zuzen. %20tik %21era pasa da bigarren etxebizitzen zerga. Richard Irazusta hautetsiak igoera "sinbolikoa" deitu ordez, "igoera teknikotzat" jo du erabakia. "Euskal Elkargoaren sorrerarekin, zergak kalkulatzeko metodoa aldatu" dela azaldu du. Hau da, orain arte zergen %20arekin irabaziak zituen baina aldaketarekin ez lituzke gehiago izanen. "Diru kopuru bera irabazteko %1a igotzea erabaki dugu", erantsi du.

Ahetzek ere %20tik %25era pasatzea erabaki du, Philippe Elissalde auzapezak aipatu duenez. Halaber, bigarren etxebizitzen zerga %30era igotzea adostu dute Azkainen.