Kazeta

"Atte hil haurretik", istorio dramatikoa komediatik kontatua

Korrika Kulturalaren karietara, Beheko Larraine antzerki taldeak "Atte hil haurretik" antzezlana aurkeztuko du otsailaren 26an 17.00etan Baigorriko Plaza Xoko gelan.

Miren Tirapuk goitik behera sortutako antzezlana da "Atte hil aurretik".
Miren Tirapuk goitik behera sortutako antzezlana da "Atte hil aurretik".

Miren Tirapu aktoresa nafarra agertuko da oholtzan hiru pertsonai antzezteko. Maika Etxekoparren zuzendaritzapean jokatuko du. Testua Tirapu berak idatzi du. Espazio eta garai ezberdinetatik bidaiarazi nahi du publikoa. Komedia eta tragediak markatutako bideetatik familia sekretuetan murgildu nahi du.

Maxusek bere biloba Aneri gauero ipuin bera kontatzen zion. Bi hilabete pasa dira istorio hori azkenekoz entzun zuenetik. Ihauteriak hemen dira berriz eta urtero bezala Erremosenea baserriko harategian ospatzeko erabakia hartuko du Anek. Bere amatxik utzitako hutsuneak eta ihauteriek sakonki zirikatuko dute Ane, oheratzean entzuten zuen ipuin hark ezkutuan zeraman benetako esanahia agerian utziz.

Antzerkiak 50 minuta irauten ditu. Emanaldia bukatu eta Korrikako arropak atzematen ahalko dira sarreran. Prezioa 8 eurokoa da, Korrikako laguntzaileentzat 7 eurokoa izanen da. Lekuak hartzeko Baxe Nafarroa Herri Antzokira (05 59 37 70 38) deitu behar da edo mezu bat bidali behar da ondoko helbidera: scenedepays@baxenafarroa.fr.