Kazeta

Armagabetzeari buruzko foroa antolatuko du Bake Bideak Biarritzen

"Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura" lelopean foro bat antolatuko du Bake Bideak martxoaren 17 eta 18an Biarritzen. Euskal Herriko egoeraz hausnartzeaz gain, Kolonbiako prozesua aipagai izanen dute parte hartzaileek.

Christophe Desprez eta Anaiz Funosas Bake Bideako kideak. ©Bob EDME
Christophe Desprez eta Anaiz Funosas Bake Bideako kideak. ©Bob EDME

Biarritzeko Bellevue Entzutegiak bake prozesuari buruzko foro bat errezibituko du martxoaren 17 eta 18an. Bake Bideak antolatuko duen ekimena aurkeztu dute Anaiz Funosas eta Christophe Desprez kideek otsailaren 24ean. Ostiraleko egitaraua Kolonbiako desarmatze eta bake prozesuari begira jarriko da. Larunbatekoa, ordea, Luhusoko bake artisauen desmartxaz hausnartuko du, besteak beste. Parte hartzaileen artean, Raymond Kendall Interpol taldeko idazkari nagusi ohia presente izanen da. Kendall Euskal Herriko bake prozesuaren alde lan egiten duen Nazioarteko Harremanaren Taldeko kidea da ere.

Hain zuzen, Bake Bidearen aburuz, Luhusoko gertakariek Euskal Herriko bake prozesuarentzat "itzuligabeko unea" irudikatu dute. Hots, blokea "nolabait altxatu" dutela dio. Desmartxaren elkartasunez, Euskal Herrian antolatu ziren ekimenak oroitarazi ditu. Hala nola, Baionako manifestazio jendetsua, Bilbon kolore anitzetako eragilek burutu zuten agerraldia eta Ipar Euskal Herriko 600 bat hautetsik Gobernu frantsesari bidalitako gutuna.

Erakundearen iritziz, desarmatzeari dagokionez Lapurdiko herrian bizitakoa "mugarri" baten adierazlea da. Gizarte zibilak egin dezakeenaren garrantzia agerian utzi du. Horrekiko “sentimendu kolektibo” bat dagola uste du.

"Eragile instituzional, zein sozial eta politikoekin eraikitzen ahal dugu armagabetze prozesu bat", azaldu dute aurkezleek. Halaber, Euskal Herrian agerian den borondatea eta aipaturiko “sentimendu kolektibo” horren aitzinean, "Estatu frantsesaren jarrera "arduragabekoa" dela dio. Gobernu sozialistaren kargua bukatzeko hilabete guti falta direnean, urte hauetan "Madrileko Gobernua jarraitzen egon" dela nabarmendu du Bake Bideak. Bere iritziz, eragile guztiek "arduraz eta erantzukizunez jokatu beharko lukete".

Azken hilabeteetan bizitakoari esker "etapa berri batean gaudela" dio taldeak. Hori dela eta, garrantzitsua iruditu zaio une pedagogiko bat antolatzea, aditu, aktore eta bakearen artisauekin batera.

Bi egun, gai bat

Ostiralean, 20.30etatik 22.00etara, Kolonbiako adibidea aztertuko dute. Enrique Santiago abokatuak Kolonbiako bake prozesuan jendarte zibilaren parte hartzea nolakoa izanen den azalduko du. Hizlaria, prozesuaren baitan harturiko akordioetan, FARCen laguntzaile juridikoa izan da.

Biharamunean, ekimena goizean iraganen da, hots, 09.00etatik 13.00etara. Michel Veunac Biarritzeko auzapezak harrera egin ondoren, lehen mahai ingurua proposatuko dute. Véronique Dudouetek Berghof fundazioko kideak desarmatze prozesu baten printzipioak aipatuko ditu.

Ondoren, Luhusoko operazioa dela eta, Anaiz Funosas, Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria eta Michel Berhocohirigoin Bake artisauak egoera aztertu eta aurreikuspenak plazaratuko dituzte. Euskal Herrian geroko perspektibak zeintzuk liratekeen azalduko dituzte. Azkenik, Michel Tubiana Estatu frantseseko Giza Eskubideen Ligako Ohorezko presidenteak foroari bukaera emanen dio.