Kronika
 
Pettarreko maskarada, berpizte baten seinale

IRITZIA- Idazleak Pettarreko gazteek eskaintzen ari diren maskaradaz idatzi du. Emanaldiaren aurrekariak aipatu ondoren, urtarrilaren 22an iragan zen estreinaldia nola pasa zen azaldu du. Ipar Euskal Herrian azken emanaldia apirilaren 30ean Ürrüstoi-Larrabilen eskainiko dute gazteek.

Joseba AURKENERENA|2017/02/23 17:15|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Joseba Aurkenerena iruditan.

Urte berriarekin batera maskarada berria iritsi zen. Lehena urtarrilaren 22an izan zen Ezpeizen. Urteak ziren Petarreko herri horietan maskarada ez zutela antolatzen. Hango batek erran zidanez, haren aitatxiak parte hartu zuen 1914an, Lehen Gerla Handiaren ateetan egin zen azkenekoan. Bi gerla handi horiek Ipar Euskal Herrira sufrikario ikaragarri handia ekartzeaz gain, aldaketa handiak ere ekarri zituzten. Hortik aitzina deus ez zen berdin izan. Gure mutilak euskaldun joan ziren gerletara eta bizirik itzuli zirenak hezurretaraino frantsesturik itzuli zitzaizkigun. Euskararen gibelatze azkarra izan zen Iparralde osoan, eta horretan eskola publiko frantsesak zer ikusi handia ukan zuen.


1.- Maskarada honen aurrekariak

    Zuberoan  --edo Xiberoan bertakoen euskalkiaz--, hiru eskualde edo bailara izan dira betidanik: Pettarra, Arbaila eta Basabürüa.
Hamasei udalerri osatzen dute gaur Pettarra izeneko eskualdea: Ainharbe, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, Berrogaine-Larüntze, Bildoze Onizepea, Domintxaine-Berroeta, Etxarri, Ezpeize-Undüreine, Jeztaze, Lohitzüne-Oihergi, Maule-Lextarre, Mitikile-Larrori, Mendibile, Ospitalepea, Ozarain-Erribareita, Sarrikotapea, Sohüta eta Ürrüstoi-Larrabile.

Aurtengo maskarada sei herritako biztanleen artean prestatu dute, aspaldian maskaradarik egin gabe ziren herriak: Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Mitikile, Onizepea, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabile. Luzea izan da maskaraden isiltasuna herri hauetan, baina ikastolan sortu den belaunaldi euskalduna bere fruituak ematen hasia da.

2008an, Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabileko herritarrak bildu eta Jean-Louis Davantek idatziriko Xiberoko Jauna pastorala jokatu zuten arrakasta handiaz. Errejenta Jean-Fabien Lexardoi izan zen. Ordutik pastoralaren izen bereko elkartea sustatu dute euskal kulturaren inguruko ekitaldiak egiteko. Margot Fauri izan da urte hauetan trebezia handiaz dantzariak trebatu dituena.  

2.- Goizeko barrikadak

    Arestian aipatu bezala, lehen saioa Ezpeizen jokatu zuten urtarrilaren 22an eta hainbat lagunekin batera, bertara hurbildu nintzen. Lehen barrikada 9,30etan hautsi zuten Onizepean. Maskaradako partaideak gazte-gazteak ziren eta muttikoen artean neskatila andana bat ikus zitekeen. Aitzindarien artean baziren dantzari franko, Margot Fauri dantza-errejentak egin lanaren adierazle. Pittaka-pittaka pertsonaiak plazaratu ziren: txerrero, kantiniersa, zamalzainak, entseinariak, xorrotxak, bühameak, herriko jaun eta anderea, jaun laborari eta laborarisa, kauterak, kherestüak , marexalak eta musikariak. Pitxu eta Pitxunette ere hor zebiltzan era guztietako bihurrikeriak egiten.  Tropa eder eta alegera. Ordurako bazen jende anitz Petarreko herri horretara hurbildua zena, eta ohiko dantza eta kantuen ondoren, denok bildu ginen bertan ezarririk zuten barrikadara. Mahaia zizka-mizkez eta edariz mukuru zen. Ez ziren falta izan kafea eta xokolata beroa.

    Lau barrikada gehiago izan ziren. Bigarrena Ezpeizeko elizaren aitzinean, hirugarrena Ainharbeko gurutzean, laugarrena Ündüreineko plaza ederrean eta bosgarrena Ezpeizeko herriko etxearen aitzinean. Barrikada guztietan mahaiak jan-edariz bete-bete eginda zeuden eta guztietan ohiko dantza eta kantu ederrak egin zituzten. Barrikada batetik bestera joateko bi kamioitan ibili ziren arizale guztiak kantuz eta umore handiz. Azken barrikadan, usaian arratsaldeko saioan egiten den zamalzainaren ferratzea egin zuten.

3.- Arratsaldeko saioa

    Eguerdi aldean goizeko saioa bukatu eta bazkaltzera erretiratu ginen denok. Hiruak eta erdietan arratsaldeko saioari hasiera eman zioten Ezpeizeko plazan. Ohiko antzezlana jokatu zuten maskarada osatzen duten beltzek eta gorriek. Gorriak Zuberoako gizarte ordenatuaren adierazleak dira eta beltzak heien antagonistak, gizartetik kanpo edo bazter direnak. Lehenak apainak, garbiak, ordenatuak dira, bigarrenak, berriz, ordiak, zikinak eta bihurri samarrak.  Bi mundu hauen arteko talka da umorez antzezten dutena. Gorrien artean ziren Argitxu Camus-Etxart, Stefhanie Eliziri, Christelle Pucheu, Denise Xala, Sebastien Xala eta Jerome Serbielle. Beltzerian ziren Iker Üthürralt –Kabana Handia-, haren kusia Allande Üthürralt –Pitxu- eta Ximun Dagerre –Bühame Jauna.

    Ohiko dantzak izan ziren: gabota, godalet-dantza eta gainerakoak. Brailea ez zuten dantzatu, xiur aski, giro hotz eta ilunean gehiegi ez luzatze arren. Xorrotxak biziki onak izan ziren eta kantu ederrak abestu zituzten. Horretan ibili ziren Alain Merkapide eta Benedicte Kaillaba. Hiru hartz plazaratu zituzten hartz-eramaile trebe baten eskutik barre algarak sortuz ibili zirenak. Bühameen artean bazen muttiko ttipi bat zurezko metrailetaz armaturik ibili zena. Estatu Islamikokoa omen. Hiru lili-banatzaile ibili ziren bühameen jokoan nahasirik. Gero aitortu zutenez, heien kusinak omen ziren.

 Biziki ona izan zen Kabana Handiaren jokoa eta emandako azalpen eta kritikek bertan ziren zuberotarren irriak eragin zituzten. Plazara lehen aldiz sartu zelarik agurtzeko ohiko “Agur gizonik eta emaztik” esamoldearen ordez, “Agur gizonik eta zopa-egilik”  zirikatzaile batez agurtu zituen bertara hurbildutako gizon-emakume guztiak. Pitxuren heriotza, testamentüaren irakurketa eta azken kanthorea ilunpeetan eman zituzten. Hau bukatu ondoren, arizaleek zein bertara hurbildatukoek ohiko muñeinak eta aintzina-pika dantzatu zituzten. Aurtengo lehen maskarada bukatua zen. Bikaina, espero genuen bezala.

4.- Geroari begira

    Lehen maskarada urtarrilaren 22an jokatu bazuten ere, hurrengo hilabeteetan hor ibiliko dira, urte hondar guztietan maskara Zuberoako herrietan eskaintzen. Azkena, apirilaren 30ean izanen da, Ürrüstoi-Larrabile udalerrian. Dena den, Gipuzkoako Asteasu herriak gonbidaturik, maiatzaren 7an maskarada saio berezia eginen dute Aiztondo ibarrean. Hori ere, ikusteko modukoa izanen da.

    Baina ez da hemen amaitzen, Pettarreko herritarren balentria, jakin badakigu, 2020 pastorala egiteko txanda eskaturik dutela, eta maskarada honetan trebatutako gazteek pastoral ezin hobea jokatuko dutelakoan nago. Aupa Pettarreko gazteak!