Iurre BIDEGAIN

Ttipi ttapa, Luma haurtzaindegia birsortu

Luma haurtzaindegi ohiko burasoek zerbitzuaren segipena ziurtatzeko Ttipi Ttapa Ziburun elkartea sortu dute. Taldeak proiektu berri baten txostena bidali die PMI eta CAF erakundeei. Orain, onespenaren zain daude.

Hamahiru familiek osatzen dute Ttipi Ttapa Ziburun elkartea. ©Ttipi Ttapa Ziburun
Hamahiru familiek osatzen dute Ttipi Ttapa Ziburun elkartea. ©Ttipi Ttapa Ziburun

Otsailaren 6ean ateak hetsi zituen Ziburuko Luma haurtzaindegi euskaldunak. Geroztik, haurtzaindegia birsortzeko xedez lanari lotu zaizkio burasoak. Euskarazko zerbitzua bizirik mantentzeko urratsak eman dituzte. Horietako bat hamabi familiek osatzen duten Ttipi Ttapa Ziburun elkartea sortzea izan da. Taldeak bere egitasmoa aurkeztu die Herriko Etxea, PMI eta CAF egiturei. Haurrak, etxetik, erantzun baten esperoan dira.

Haurtzaindegia hesten zutela jakin bezain laster, burasoak proiektu berri bati pentsatzen hasi ziren. Argi zutena zen haurtzaindegi euskalduna "parte hartzailea eta demokratikoa" izango zela. Proiektu berria aurkeztu dio elkarteak Herriko Etxeari. Buraso batzuk Guy Poulou auzapeza, Isabelle Dubarbier eta Didier Lahournère hautetsiekin bildu dira. "Harrera baikorra" izan dela aipatu du elkarteko idazkari eta burasoa den Itziar Sunsunegik.

Luma hetsi baino lehen, heldu den irailean Herriko Etxeak zerbitzua lekuz aldatzea pentsatu zuen. Lokal berria Marinela auzoan kokatua da. Herriko Etxeak, PMIren onespena lortuz gero, lokal hori haurtzaindegi euskaldunaren esku utziko duela ziurtatu dio. "Albiste ona" da elkarteko kideen aburuz.

Orain arteko eraikina ere Herriko Etxearena zen. Duela bizpahiru urte Herriko Etxeak 4.500 euroko alokairua eskatzen zion haurtzaindegiari. Baina arazo ekonomikoak hasi zirenean, alokairua kentzea erabaki zuen. Ildo hori segituz, burasoek eraikin berriaren alokairua kitorik izatea nahiko lukete.

Bi proposamen paraleloki

Baina, Ttipi Ttapa Ziburun elkartea ez da bakarra eraikin horren erabilpena eskatu duena. Haurtzain autonomo batzuek, Luma hetsi aitzin, euskaraz zerbitzu bat eskaintzeko proiektua aurkeztu zioten Herriko Etxeari. Sunsunegik aitortu duenez, aukera hori ez litzateke aterabide egokia izanen hiru arrazoiengatik. Alde batetik, haurtzain autonomoen egitasmoak "luze joko" duelako. Hots, irailean idekitzea aurreikusi dute. "Guk aterabide bat behar dugu ahal bezain laster", erantsi du. Bestalde, haurtzaindegi bat baino "garestiago" litzateke. "Lau edo hiru aldiz gehiago, hain zuzen", azaldu du burasoak. Azkenik, Itziar Sunsunegik oroitarazi du haurtzaindegiko langileei formakuntza berezi bat eskatzen zaiela. "Administratiboki egiten den segipena zorrotzagoa da", gehitu du.

Nori eskainiko lioke eraikin berria Herriko Etxeak? Burasoak Herriko Etxea "ez dela busti" azpimarratu du. "PMIren hitzarmen zenbakia lortuko duen lehengoak ukanen luke". Haatik, haurtzain autonomo bat idekitzeko prozesua "luzeagoa" dela erran du. Hitzarmen zenbaki hori jaso eta, txostena departamenduko kontseiluaren esku geldituko da. Elkarteak hiru hilabete barru erantzuna ukanen lukeela dio. Egitasmoa "oso aurreratua" denez, lehenago jasotzea espero du.

Hamaika ideia

Motibazioak gidatuta, etorkizunari pentsatzen hasi da elkartea. Nahiz eta hasiera batean hiru langile ukaitea nahiko lukeen, ordutegiak luzatu eta beste pertsona baten beharra ukanen luke. Gainera, oporretan idekitzeko aukera lortu nahiko luke.

Hitzarmena jasoz gero, proposamen asko dituela iragarri du Sunsunegik. Hala nola, "haurtzaindegi ekologikoaren" ideia garatzeko urratsak egin nahiko lituzke. Adibidez, haurrei janari biologikoa eskainiz. Oraindik onespena jaso ez duten arren, buraso eta haurrak, ttipi ttapa, euskarazko presentzia bermatu nahiko lukeen zerbitzua eraikitzen segituko dute.