Kazeta

Lankidetza hitzarmena berritu dute EEP eta Euskaltzaindiak

Sei urteko epea duen lankidetza hitzarmena izenpetu dute Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskaltzaindiak otsailaren 16an Baionan. Bi erakundeen arteko elkarlanak euskal argitalpenen bidez euskararen presentzia bermatu nahi du, besteak beste.

Sei urteko iraupena du hitzarmenak. ©Euskaltzaindia
Sei urteko iraupena du hitzarmenak. ©Euskaltzaindia

2008an lehen lankidetza hitzarmena izenpetu zuten Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta Euskaltzaindiak. Sei urtetatik behin beren elkarlana berrituz joan dira eta partaidetza hori egonkortzeko xedez, hitzarmen berria izenpetu dute otsailaren 16an Baionan. Hain zuzen, Euskaltzaindiko burua den Andres Urrutiak eta Mathieu Bergé EEPko lehendakariak agerraldian parte hartu dute.

Bergék hitzarmena izenpetzea "plazer bat" izan dela adierazi du. Halaber, "Ipar Euskal Herria aldaketa handien garaian" dagoenez, izenpetzen duen azken akordioa dela erran du. Hain zuzen, otsailaren 14ean Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak batzorde eragileko kideei eginkizunak banatu zizkien. Hala nola, Beñat Arrabit Arrosako auzapez jeltzalea Hizkuntza politikaren arduraduna izendatu du. Azken horrek aste honetan Euskal Irratietan azaldu duenez, erakundeko hurrengo presidentea litzateke.

Oroitarazi behar da urte hasieran plantan jarri duten herri elkargoa dela eta, Herriko Etxeek hizkuntza politikari buruzko eskumenak Euskal Elkargoaren esku utzi dituela. Haatik, herri bakoitzak bere hizkuntza politika propioa garatzeko parada izanen du, baina lurralde kolektibitateak orokor bat plantan ezarriko du.

Lan-lerro nagusiak

Urrutiak aipatu duenez, Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan aitortua da Euskal Autonomia Erkidegoan, zein Nafarroan. "Oraintxe dator Iparraldearen orena", dio. Hain zuzen, akordioaren bidez bizitza publikoan euskararen presentzia bermatu eta euskal lanak sustatu nahi dituzte. Halaber, hitzarmenak erakundeek elkarlanean burutu beharreko nondik norakoak, ardatzak eta bakoitzaren betebeharrak zehaztu ditu.

Ondorengo sei urteetan Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herriari buruzko argitalpenak segurtatuko ditu. Bestalde, hizkuntza jarduera Proiektuaren Deialdian aurkeztutako argitalpenen hizkuntza kalitatea aztertuko du. Gisa berean, EEPk Akademiak euskara batuaren alorrean eginen dituen lanen hedapenean lagunduko du.