Kazeta

Ituren eta Zubietako ihauterietan animalia hilen erabiltzeagatik ikerketa abiatu dute

Urtarrilaren bukaeran iragan ziren Ituren eta Zubietako ihauterietan animalia hilak erabiltzeagatik ikerketa bat abiatu du Nafarroako Foruzaingoak. Ospakizunetan basurde eta azeri hilak erakutsi zituzten. Polizia animaliak erabili zituzten parte hartzaileak identifikatzen hasi da.

Ihauterietako parte hartzaileetariko bat basurde hil batekin. (Nafarroako Foruzaingoak)
Ihauterietako parte hartzaileetariko bat basurde hil batekin. (Nafarroako Foruzaingoak)

Hilak diren animalien erabilpenak eta publikoki erakusteak basoko habitata babesteko xedea duen araudiaren kontra jotzen du. 1993ko Nafarroako legea urratzen du, hain zuzen. Araudiak dioenez, "animalia bizi edo hilak edo gorpuzkiak edukitzea, bertakotzea eta haiekin trafikoa zein komertzioa egitea" debekatzen du. Gisa berean, haiek "inportatzea, esportatzea, salmentarako erakustea eta erakustaldi publikoa egitea" ere legez kanpokoa dela dio.

Ituren eta Zubietako ihauterietan basurde eta azeri hilak erabili zituzten parte hartzaileak identifikatzen hasi da Polizia. Mozorrotuak eta aurpegiak ezkutatuak zituzten arren, "gertakarien ustezko parte hartzaile batzuk identifikatzea lortu da, horietako batzuk adingabekoak dira".

Sare sozialen bidez irudiak jaso ondoren ikerketa abiatu du. Polizia Mari Jose Bereau Iturengo auzapezarekin harremanetan jarri da. Agiri baten bidez jakinarazi duenez, gertakariek izan dituzten ondorio ezkorrak direla eta, kezkatua agertu da auzapeza. Mehatxu eta irainak jaso dituztela jakinarazi dio Foruzaingoari.

Poliziak animalia hilak erakustea debekatua dela erran dionean, hurrengo ihauterietarako "neurriak hartuko" dituela nabarmendu dio. "Herriko Etxearen engaiamendua beharrezkoa da jarrera horiek geldiarazteko", erantsi du Poliziak.

Gainera, gaur egun Elgorriaga, Ituren eta Zubietan ihiztatzea debekatua dela oroitarazi du Foruzaingoak. Hori dela eta, ihauterietan erakutsi zituzten animali hilak ehiza-baturria horietan ihiztatu baldin bazituzten, legez kanpokoa litzateke.