Iurre BIDEGAIN

Arkaitz Agirregabiriak Villepenteko mitardean segitzen du

Badira hiru hilabete baino gehiago Arkaitz Agirregabiria Villepente kartzelako mitardean dagoela "bizi baldintza duinen" defentsan. Lekuz aldatua ez deno, otsailaren 25ean Bilbotik abiatuko den martxa mantenduko dute.

Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiriari babesa helarazi zioten Bilboko kontsulatu frantsesean.
Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiriari babesa helarazi zioten Bilboko kontsulatu frantsesean.

Azaroaren 18an Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiriak Villepenteko kartzelako mitardean sartzea erabaki zuten zuzendaritzak ziega bera konpartitzea agindu eta. Epaileak eta prokuradoreak bi euskal presoen leku aldaketa onartu du. Hain zuzen, Uriarte Chateaurouxko espetxera lekuz aldatu zuten otsailaren 15ean. Uriartek, ordea, zigor ziegan segitzen du.

Arkaitz Agirregabiria kartzela aldaketaren esperoan dago. Gauzatuko ez den bitartean, mobilizazioarekin segitzea erabaki du. Senide batek azaldu duenez, bi egunez familiak ezin izan du euskal presoarekin hitz egin "mitardeko kabina martxan ez zelako". Lortu duenean, Agirregabiriaren amak aipatu duenez, euskal presoa "animatua" dago.

Iragan astean Igor Uriarte lehenik Fleuryko espetxera eraman zuten eta ondotik, Chateaurouxkora Ugaitz Errazkinekin batera. Senideak erran duenez, Uriarte "ongi" dagoen arren, Agirregabiriaren egoerarekin "kezkatua" dago.

Agirregabiria eta Uriarteri elkartasuna adierazteko otsailaren 25ean Villepentera joateko martxa bat antolatzea erabaki zuten. Uriarte lekuz aldatu duten arren, mobilizazioa mantenduko dute. Haatik, antolatzaileek kontatu dutenez, euskal presoa lekuz aldatua baldin bada, martxa bertan behera geldituko da.

Autobusa ostiralean aterako da Bilbotik, 20.30etan hain zuzen. Kartzelara ailegatu eta 11.00etatik 14.00etara elkarretaratzea burutuko dute espetxearen aitzinean. Izena Santutxu eta Alde Zaharreko (Bilbo) herriko tabernetan eman daitekeela erantsi dute antolatzaileek.