Kronika
 
Denek denentzat

IRITZIA- Euskal Elkargoaren sorrerarekin exekutiboa osatzen duten hautetsiek izan behar duten ikuspegi zabalaz hausnartu du kazetariak. Eremu osoko begirada izan behar dutela dio Dolosorrek.

Franck DOLOSOR|2017/02/20 16:45|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Franck Dolosor iruditan.

Urteetako ukazioaren ondotik euskal elkargoa, Ipar Euskal Herri mailako lehen egitura politikoa, sortzea proposatu du Frantziako gobernuak. Ezetzaren soka luzeaz asperturik eta elgarrekin zerbait eraikitzeko gogoa baitute hautetsien %70 pasatxok baiezkoa eman dio Pariseren proposamenari. Eskumen aldetik izan liteken erakunde arinena da baina euskal eremua finkatzen du errepublikaren baitan. Munta haundiko urratsa, dudarik gabe. Egitura sortzen segitzea eta indartzea da orain hautetsien erronka nagusia.

Horretarako biziki zabaldua den ideia aldatu beharko dute. Eta laster. Zuberoak bi presidente orde dituela Baionako hiriak bezala eta Hego Lapurdiko eremu ohiak presidente orde bakarra daukala. Elkargo berrian dauden 233 kideak ez dira bakarrik beren herriko ordezkariak lurralde osokoak baizik. Gauza bera gertatzen da batzorde iraunkorreko 69 lagun eta exekutiboko 25 kideekin. Denen ordezkariak direla kaskoan sartu behar dute, eta agian lehen bai lehen.

Auzapezak edo hautetsiak diren aldetik lotura hertsia dute beren herriarekin, bistan dena, baina orain ikuspegi zabalagoarekin lan egin behar dute eremu osoko begirada izanez. Martine Bisauta eta Jean René Etchegaray ez dira Baionako ordezkari soilak Ipar Euskal Herri osokoak baizik. Michel Etchebest Mauleko auzapeza Baigorri, Senpere edo Hendaiako hautetsia ere da orain.

EH Bai, EAJ eta ekologistek Ipar Euskal Herri mailako proposamenak plazaratu izan dituzte azken urteetan. Bada garaia bertze alderdiek eta kolore guzietako hautetsiek lurralde mailako ikuspegi bera izan dezaten.

Izan ere, Colette Capdevielle ez da bakarrik Baionaldeko diputatua Frantziako estatu osokoa baizik. Max Brisson ez da bakarrik Miarritzeko kantonamenduko kontseilaria baina bai Pirineo Atlantikoetako departamendu osokoa. Akitania berriko asanblean direlarik Baionako eta Donibane Garaziko ordezkariak ote dira bakarrik Sylvie Durruty eta Alice Leiciagueçahar? Bozkatzen dituzten erabakiek ez ote dute eragina lurralde osoan?

Nafarroa Garaiko parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean gauza bera gertatzen da baztandarren bozak eragina baitu Tuteran eta irundar batek bozkatzen duena Arabako Errioxan ere aplikatzen baita. 

Euskal elkargoan ere molde berean jokatu behar dute hautetsiek. Denek denentzat. Ez da gehiago kostaldeko hiri jendetsurik edo banekaldeko baserrigunerik perspektiba berriak eskaintzen dituen lurralde bakarra baizik. Ariketa berri bezain interesgarria. Denek denentzat.