Kazeta

Jean Pierre Harokarene askatu dute Biriatun

Estatu espainiarretik kanporatu eta, Jean Pierre Harokarene Pausuko zubian aske utzi du poliziak otsailaren 17an. Bere aldeko manifestazio bat antolatuko dute otsailaren 18an Irunen.

Jean Pierre Harokarene, hirugarrena ezkerretik hasita, senide eta lagunez inguratuta.
Jean Pierre Harokarene, hirugarrena ezkerretik hasita, senide eta lagunez inguratuta.

Faisan auzia dela-eta kartzelan zegoen azken presoa da Jean Pierre Harokarene. Soriako espetxetik goizeko 08.30ak aldera atera ondotik, Polizia espainiarrak aske utzi du Pausuko zubian otsailaren 17an. Sortuk, Harokareneren sostenguz, hainbat ekimen antolatu ditu. Hain zuzen, bihar manifestazio bat abiatuko da 19.00etan San Juan plazatik.

Ofizialki Estatu frantseseko agiriak ditu Harokarenek, nahiz eta betidanik Irunen bizi eta lanean aritu den. Parisen sortu zen eta Hego Euskal Herrikoa zuen amak ez zituen bere agiriak berritu Estatu frantsesean bizi izan ziren denboran.

Ondorioz, Harokarenek ez du Estatu espainiarreko agiririk eta Soriako espetxean zela, poliziak Estatu espainiarrean 10 urtez sartzeko debeku eskaria egin du. Martxoaren 3an aztertuko da auzi hau. Hau jakin bezain laster, gertukoak Estatu espainiarreko agiriak lortzeko lanetan hasi dira, baina berez tramite azkar bat behar zuena luzatu egingo dela dirudi, ama hil egin zen-eta.