Hartzaro festibala, tradizioa eta berrikuntzaren elkargunea

Otsailaren 18tik 28ra Hartzaro festibala antolatuko du Herri Soinu elkarte uztariztarrak. Karrikan, zein oholtza gainean ohituraren ildoa segitzen duten emanaldiez gain, berritzaileak diren ikusgarriak proposatuko ditu.

Kazeta|2017/02/17 08:10|0 iruzkin
Guz_hartzaro2016_ustaritze_imiquelestorena22
Hartzarok mitologiaren beste ikur batzuk sortu ditu.

Urtero bezala, ihauteri garaian, udaberriari ongietorria ematen hasiko da Herri Soinu elkartea. Horretarako, otsailaren 18tik 28ra Hartzaro festibala antolatuko du Uztaritzen. Ohitura eta berrikuntzek zein artista profesional eta amaturrek topo eginen dute karriketan baita taula gainean ere. Adin guzientzat zuzendutako ekimenek kantua eta txistuaren gaia jorratuko dute nagusiki.

Elkartearen festibala partaidetzaren ispilua da. Herrian topo egiten duten talde anitzen topagunea da. Lankidetzari esker artista gazteak profesionalizazioaren bidea ekiditea animatu nahi ditu. Bide batez, dantza, kantaldi, erakusketa eta hitzaldien bidez euskal kulturaren garapenean bere harria ekarri nahi du.

Hartzaro festibalaz gain, beste bi ekimen antolatuko ditu elkarteak. Alde batetik, martxoaren 31tik apirilaren 2ra Hartza Altzoan ekimena proposatuko du Ezpeletan. Bestetik, urriaren 5etik 8ra Herri Uztaren karietara egitarau oparoa prestatuko du Errobiko herrietan. Gainera, iazko Herri Uztaren baitan abiatutako "Euskal Herriko txistu hedapena" egitasmoa garatuko du. Horretarako, Euskal Herriko Txistulari elkartearekin batera mugaz gaindiko hamabi ekimen antolatuko ditu.

Atzokoak eta gaurkoak

Aurtengo Hartzaro festibalaren 21. edizioa etxez-etxe iraganen diren Kaskarotekin abiatuko da. Egun berean, Izartxo taldeak "Akelarre" emanaldia eskainiko du. Ostegunean, toberen gaia karriketara eramanen dute "Tutak" ikusgarri berritzaileari esker. Herri Soinuk betiko ohiturak oinarritzat hartuz emanaldi garaikideak sortzeko xedea du.

Betikoa eta garaikidea den ildo hori segituko du otsailaren 24ean proposatuko duten kontzertuak. Lehen zatian, Mattin Lerissa kantari gazteak bere ahotsarekin publikoa liluratuko du. Bere emanaldia eta gero, Anje Duhalde oholtza gainera igoko da.

Hartzaro festibalak Uztaritzeko mugak gainditu eta Tolosara eginen du salto otsailaren 26ean. Hain zuzen ere, senide den Tolosako ihauterietara bidaia prestatuko du elkarteak. Arratsaldean, 19.00etan joango den autobusa antolatuko du bertako animaziotan parte hartu ahal izateko. Azken egunean "Astearte gizena" deituriko egunak ehunka artista bilduko ditu. Bertara hurbilduko denak ihauterien pertsonaiak hurbiletik ikusten ahalko ditu.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK