Kazeta

Bidez-bide dabilela

"Bidez bide" lehen diskoa plazaratu berri du Mattin Lerissa kantari gazteak. Ttipidanik musikaz pasionatua den mutikoa da hura, eta bere ibilbidea ez da disko horrekin hasi.

Mattin Lerissa kantuz
Mattin Lerissa kantuz

Hamazazpi urteko kantaria da Mattin Lerissa, ahots ezti zein bero batez, edozein kantu poesia bihurtzen dutenetakoa. Hots, Behorlegiko ttutturraren azpitik hedatuz joaten zaio fama. Edonork erranen du badirudiela aspalditik entzuten dela Mattin Lerrisa barnealdean. Dudarik gabe, kulturgile saihestezina bilakatu da denbora guttian behorlegitarra.

Aitortu behar da ere hamazazpi urteko gazte batentzat, ibilbide oparoa duela Mattinek. Donibane Garaziko Zitadela kolegioko koralean hasi zen kantuz Denise Olhagaray musika irakaslearekin. 2012ko ikasturtean ziren eta kolegioetan musikan egiten den "Jazz'in in college" ekimenaren karietara, Benito Lertxundi zuten errepertoriotzat.

Oroitzapen biziki onak ditu Denise Olhagarayek Mattinez, "hastapen-hastapenetik ikusi nuen musikak erakartzen zuela" erran du, "beti interesaturik agertzen zen nire klaseetan". Benito Lertxundiren kantuak landu zituztenean, seigarrenean zen Mattin, eta "ni sahatsa bezala" kantuan bakarlari gisa ari zen. 2012ko martxoan Benito Lertxundiren lehen partea egin zuten Hendaian kolegioko koralarekin eta bertan bilduriko mila pertsonak zur eta lur utzi zituen Mattinek.

"Harriduraz enpo geunden" erantsi du Denise Olhagarayek, "orkestra profesional batekin kantatzeko zailtasunik ez zeukan". Ondoren, aukera guztiak hartu zituen kantuan aritzeko. Urteroko "Jazz'in collegetan" parte hartu zuen eta haur kantu txapelketetara ere joan zen. Hala nola, Bilbon iragan zen finalera iritsi zen 2015ean Etxamendy eta Larralden "Bidez-bide" abestiarekin.

Argia ilunean

Denise Olhagarayen iritziz, musikari esker lortu zuen bere nortasuna eraikitzen Mattinek. "Kolegioa oso zaila izan dakieke ikasleei. Adin zozoa dela erran ohi da, eta Mattinek denen errespetua lortu zuen kantuari esker. Azkenean, Zitadelako kantaria bilakatu zen", erantsi du. Musikarentzako zaletasunak etenik ez zuen Mattinentzat. Izan ere, Jean Michel Bedaxagar kolegiora etorri zenean, grabagailua besopean joan zitzaion Mattin, osaba zahar bati asko gustatzen zitzaiolako Bedaxagar eta grabatu zuen hari entzunarazteko.

"Hain zuzen ere, familiatik heldu zait kantatzeko gogoa" baieztatu du Mattinek, "ttipidanik ari naiz kantuz etxean". Kolegioan kantatzen hasi zenean, beretako baizik ez zela ziurtatzen du, baina denbora aitzinatu arau, kolegiotik kanpo kantaldiak eskainiz joan zen gero bidez-bide ibiliz kantua bezala. Euskal Herriko beste artista handiekin aritutakoa da dagoeneko. Hala nola, Kalakan taldearekin zein Anje Duhaldekin.

Gaur egun bere lehen diskoa argitaratu berri du Mattinek. Bertan Aguxtin Alkhatek idatzi zion kantua entzun daiteke: "argia ilunean". Justuki argian dago gaur egun Mattinek disko horri esker, eta dudarik ez da datozen urteetan bere boza entzuteko parada anitz ukanen dituela jendeak. Lehena ordea, Uztaritzen otsailaren 24ean gaueko 22.00etatik goiti izanen da.