Kronika
 
Familien hizkuntza ohiturak

Manex Edozaintzi-Etxart Kolegioko "Euskaraz Bizi" lan taldeak ikerketa bat egin du ikasleen familietako hizkuntza ohituretaz. Orain arte ikerketak egiten ziren ikasleen hizkuntza gaitasunaz, euskararen erabileraz, herri hizkuntzari buruzko atxikimenduaz. Adibidez Hegoaldean eraman den "Arrue Proiektua" 2014an. Gure inkestaren berezitasuna da kontuan hartzen dituela haurren eta burasoen mintzamoldeak, ikusteko zein den elkarren arteko eragina.

Erramun BACHOC|2017/02/16 16:20|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Erramun Bachoc iruditan.

Manex Edozaintzi-Etxart Kolegioa Lartzabalen kokatua da. Benafarroa eta Zuberoko ikastoletako ikasleak bilduz Seigarrenetik Hirugarrena arte. Orotara 155 ikasle dira, burasoak 259 direlarik. Inkestako galdetegia banatu zen iragan urrian eta %90ek erantzun diote, ororen motibazio baikorra erakutsiz.

Zein dira burasoen ezaugarriak euskarari begira? Gehiengo handi bat euskalduna da (%60). Besteak edo erdi-eskualdunak ikasten entsegatu direnak (%29) edo erdaldunak (%11). Kasik denek euskara familian ikasi dute (%69) edo eskolan eta AEKn (%31).  

Beren ikasketak non egin zituzten? Anitzak eskola publikoan ibili dira, guti  eskola giristinoan , are gutiago ikastolan. Ama eskola, Lehen maila, eta Bigarren maila lerrokatuz hona nola banatzen ziren burasoak gazteago zirelarik. Eskola publikoan (%65, 68, 58). Eskola giristinoan gutiago baina gero eta geihago (%24, 26, 40). Ikastolan are gutiago eta gero eta gutiago (%11, 6, 2). Bigarren mailan du eskola giristinoak arrakasta handiena, ikastolak arrakasta ttipiena : zeren eta baxoa eta goi mailako ikasketak frantsesez baitira eta beldur ziren beren haurrentzat. Orain badakigu Seaskaren arrakasta bikaina frantsesezko baxoan ere. Beraz burasoak ez dira ikastolakume, baina murgilbidea nahi dute beren haurrentzat.  

Galdegin zeienean zergatik beren haurrak ikastolan ezarri dituzten, erantzun dute euskara ikasteko (%16;5) euskaraz bizitzeko (%83,5). Egia erran hain segur ikasleentzat euskara ama hizkuntza da eta euskaldun dira ikastolan sartu aitzin. Falta zaiena ez da jakitate goiztiarra baina erabilera goiztiarra, etxean eta etxetik kanpo. Helburu hau erdietsi ote da ikastolan ? Guraso gehiengo handia biziki baikor da. %86entzat ikasleak heburara heldu dira osoki edo neurri handian. Burasoen 14k diote helburua biderdi edo bide heren gelditu dela. Alde honetarik ere Kolegioaren arrakasta nabari da, burasoen ikusmoldean.

Euskaltasunaren pertzeptzioa

Haurrei galdegin zeie: Nolako euskara maila duzu zure ustez ? Burasoei ere galde bera egin zeie ikusteko zer pentsatzeen duten haurren euskara mailaz. Hona erantzunen taula ehunekotan. Ohargarri da bi belaunaldiek pertzeptzio berdina dutela, laurden handi batek maila bikaina duela uste du eta bi herenek maila ona. Euskaldun kaxkarrak biziki guti.

Haurren euskara maila, beren eta burasoen iritziz (%)

Taula honetan hizkuntza gaitasunaren argazkia iluntxeago da burasoen ikuspuntutik. Seme-alaben pertzeptzio baikorra ez ote da euskara maila hobetzeko egiten duten indarraren ondorioa? Dena dela gazteen euskara burasoena bainon eskolatuago da.

Euskararen erabilera etxean

Hizkuntza erabilera neurtzeko, "Euskaraz Bizi" lantaldeak 4 mintzamolde erabili ditu: beti euskaraz, gehienetan euskaraz, batzutan euskaraz, sekulan ez euskaraz. Lau mintzamolde hameka egoeratan, kolorezko diagrama politak agertzen dira, baina irakurtketa ez da biziki erretx. Ene hautua da euskararen erabilera erakustea ehuneko bakar baten bidez komunikazio egoera bakoitz. Hortarako metatu ditut mintzamolde bakoitzak  euskarari ematen dion lekua koefiziente hauekin: 1, 0,75, 0,25, 0, 0 eta 0, hurrenez hurren (4. eta 5. zutabeak). Hurbilketa honek ideia bat ematen digu ikasleek, hitz egiterakoan, euskarari ematen dioten lekuaz. Adibidez ikastolako haurren arabera, amarekin hitz egiten dutelarik, 100 elkarrizketatik 52 euskarazkoak dira. Kontrastez frantsesaren neurria %47koa da.

Adibidez haurrei egin zeie galde hau : Norekin ari zira euskaraz? Amarekin ?
Hona haurren  erantzunak (1., 2. eta 3. zutabeetan).

Kakulu berdina eginen dugu haurren eta burasoen diagrama bakoitzarekin. Kolorezko gasna eta orginak galdu ditugu, baina egoera bakoitzean ehuneko bakar batekin, irakurketak eta konparaketak erretxago izanen dira. Burasoen eta haurren emaitzak parez pare ezarriz familia osoaren mintzamoldea ikusiko dugu. Aita-amen emaitzak lehenik eta haurrena gero.

Familiako lehen taula honetan burasoen mintzamoldea ageri da. Seme-alabekin kasik beti euskaraz ari dira (%87). Beren haurrak motibatu nahi dituzte euskara erabil dezaten. Baina senar-emazteak beren artean direlarik askoz euskara gutiago erabiltzen dute (%41). Beraz frantsesa nagusi beren artean, ez baita jarraibide ona haurrentzat.

Belaunaldien arteko ezberdintasuna nabari da. Emaitza guzien bana beztekoa hartzen badugu, ikusten dugu burasoen euskara neurria %61 dela (frantsesa baino gehiago) eta haurrena %48 (frantsesaren heinekoa). Ikastolako haurrak familia euskaldunetan izanik ere, erabiltzen dituzten solasaldietan, senideekin eta adiskideekin, beren euskararen neurria frantsesaren heinekoa da, burasoak kasik beti euskaraz ari bazaizkie ere.

Gizarte komunikazioa

Galde berdina egin zeie burasoeri eta haurrei : Zer egiten duzu euskaraz ?
Euskal panorama bat agertzen da alor ezberdinetan. Zenbakiek erakusten dute zenbat dabiltzan alor bakoitz. Ehunekoek ematen dute erabiltzaileen heina talde osoari konparatuz. Hedabide batzuetan konparaketa bat egin genezake burasoen eta haurren artean, belaunaldi bakoitzaren berezitasunak aipatu aitzin.

Ohargarri da irrati emankizunen arrakasta, telebistarena baino askoz handiagoa.  Itxuraz komunikazio elektronikoak arrakasta gehiago du burasoengan, aldiz haurrek liburu gehiago irakurtzen dute, hain segur eskolako liburuak barne. Burasoek e-mail trukatzaileak dira, haurrak sare sozialeten dabiltzalarik. Burasoetan liburu irakurleak, haurretan baino askoz gutiago dira (%23 versus %50). Halere jende heldu andana batek euskal prentsa ere irakurtzen du (%44). Bestalde haurren euskarazko ekintzetan azpimarratu behar dira musika (%53), kultur ekitaldiak (%43), dantza (%41) eta kirolak (%33).

Euskararen eremua anitz dea ala guti ? Inkestan agertzen diren alor guzien bana-bestekoa egiten bada, burasoek euskara erabiltzen dute %49, beraz frantsesaren hein berdintsuan,  eta heien haurrek %35 frantsesa baino askoz gutiago. Halere belaunaldi bakoitzak baditu bere euskalgune indartsuak. Jende helduentzat irratia, harreman elektronikoa eta prentsa idatzia; haurrentzat irratia, liburuak, musika eta kultur ekitaldiak.

Kolegioan eta kanpoan

Galde pare bat bazen euskararen tokiaz ikasgelan eta ikasgelatik kanpo. Lehen galdea zen: Ikasgelan nola mintzo zira?  Bigarren galdea: Kanpoko tenoreetan, lagunekin, nola mintzo zira? Bi kasu hauetan erantzun-moldea berdina zen: Euskaraz, nagusiki euskaraz, nagusiki frantsesez, frantsesez.

Azpiko taulan agertzen da euskararen lekua, lau erantzunak kontuan hartuz.  Jadanik aipatu ditugun hiru ekintza gehitu ditugu, kirolak, liburuak eta kulturgintza, hezkuntzari hurbiletik lotuak direlakotz. Burasoei ere galde berak egin dira, haurren objektibotasuna segurtatzeko.

Euskarak toki handiena dauka ikasgelan (%88), frantsesezko ikasgaiei utziz beren eremua. Kanpoko tenoreetan, nola atsedenaldietan berdin sartzean eta ateratzean, euskararen lekua doi bat ttipiago, lagunartean frantsesera lerratzen baitira. Euskara da nagusi egiten dituzten kirolen heren batean, irakurtzen dituzten liburuen bietarik batean eta kultur ekitaldi andana batean (%43). Kiroletan du frantsesak toki handiena, bi herenetara helduz. Ohargarri da burasoen ikusmoldea, haurrena baino ezkorrago dela, salbu kirolentzat eta kultur ekitaldientzat.

Burasoen kezka ulergarria da, dakigularik euskal erabileraren motibatzaileak direla nola etxean hala kolegioan. Hona hemen motibazioari buruzko galdea:  Burasoek euskaraz egunero mintzatzera motibatzen zaituztea?
Burasoen erantzuna: Bai %86,6. Ez %13,4.
Haurren erantzuna: Bai, sobera! %21,3. Bai %62,4. Ez eta ez aski! %23.

Emaitza berdintsuak ditugu kolegioari begira.
Burasoek kolegioan euskaraz mintzatzera motibatzen zaituztea?
Burasoen erantzuna: Bai %97,8. Ez %2,2.
Haurren erantzuna: Bai, sobera! %25,5. Bai %62,4. Ez eta ez aski! %12.1.

Laburbilduz, kasik buraso guziek diote euskararen aldeko beren motibazio eginbidea betetzen dutela egunero eta bereziki kolegioari begira. Haurren gehiengoak onartzen du beren aita-amen jokamoldea euskararen alde (%62,4). Baina haurren laurden bat ez da ados motibatze akuiluarekin, aldiz multzo ttipi batek motibazio eskasa sentitzen du.

Zertan da haurren kartsutasuna euskararen alde? Ikusi dugu kolegioan ere frantsesa noizean behin erabiltzen dutela, bereziki lagunartean ikasgelatik kanpo. Galdea: Zergatik frantsesez mintzo zira ikasgelan eta kanpoko tenoreetan?
Erantzuna: Frantsesez mintzatzea nahiago dut %14.7. Ez dut euskaraz mintzatzea maite %2.3. Euskara ez dut ongi menperatzen %12.4. Lagunak frantsesez ari dira %82.2.

Beraz frantsesera lerratzeko arrazoi nagusia da lagunen jarraibidea. Gaztetxoak ez du taldekideetarik bereizi nahi. Batzuentzat bada ere arrazoi linguistiko bat, frantsesez errexkiago ari direla. Bestalde multzo ertain batentzat (%17) bada ere arrazoi afektibo bat, frantsesa maiteago, bereziki beren ama-hizkuntza delarik. Kasu honetan (eta kasu orotan?) jende helduen larderiak ez du ondorio onik. Badakigu barne motibazio eraginkorrena dela "hizkuntza plazerrarekin uztartuz", bereziki aisialdi ekintzetan, jolas, kirol ala denbora pasa.

Ondorio berera heltzen gara, haurren gogoa aztertzen delarik frantsesaren erabilerari begira. Burasoak ez dira frantsesa erabiltzearen alde bereziki murgilbide kolegio batean. Eta ikasleek zer diote?
Galdea zen: Kolegioan, ikasleen artean frantsesa entzuten duzularik zer?
Erantzunak: Berdin zait %63.1. Normala zait 5. Kexu edo jenatua naiz %32.

 Laburbilduz ikasleen heren batek euskarari buruzko atxikimendua erakusten dute beren desadostasuna adieraziz frantsesaren erabilerari begira. Baina haurren bi heren hizkuntza askatasunaren alde dira. Ez zeie galdegin euskara frantsesa baino maiteago zutenetz euskararen aldeko erantzuna aurreikusten baitugu. Gaztetxoen gogoa konplexuago da. Hain zuzen barne motibazioaren piztea da hizkuntza hekuntzaren zailtasuna.

Konparaketa Hegoaldearekin

Hegoaldea guretzat erreferentzia bat da, bereziki euskararen aitzina-menduarentzat. Han haur guziek euskara eskolan ikasten dute eta gehiengo handiak murgil ereduan (%59) Zer ondoriorekin? Ikerketa zabal bat egin dute 10 urteko eta 14 urteko ikasle guziengan, Arrue Proiektu miresgarrian. Ene ametsa zen ikerketa berdina egitea Iparraldean. Hemengo irakasleak eta burasoak uzkur dira emaitza "katastrofikoen" beldurrez. Ene iritzia da hemengo emaitzak hangoen parekoak direla. Konpara ditzagun hango 10 urtekoen emaitzak eta Manex Edozaintzi-Etxart Kolegioko ikasleenak.

Hemengo emaitzak hobeak dira eskolan, etxean, irratian eta berdin lagunartean. Kontuan hartu behar da hango emaitzak Euskal Autonomia Erkide osokoak direla, hiru ikaskuntza ereduak barne, aldiz hemengoak eskualde euskalduneko Seaska kolegiokoak direla. Dena dela antzeko inkestak ikastetxe guzietan egin behar litezke gure ahulguneak indartzeko eta indarguneak zabaltzeko.

Ondorio pedagogikoak

Ondorio batzu agertu zaizkigu:
- familiaren  garrantzia hizkuntza transmisioan;
- familia eta ikastetxeen arteko lankidetzaren beharra;
- euskara kolegioan bai, baina kanpoan ere beharrezko da;
- burasoen eta haurren motibazioak ez dira berdinak;
- haurren lagunarte eta askatasun nahia kontuan hartzekoak dira;
- larderia baino hobe barne motibazioa;
- euskara eta plazerra ahalaz uztartu behar dira.

Arrue inkesta komentatuz Mikel Zalbide Eukaltzainak bi proposamen eskaini dizkigu, bizikletaren paradigma eta arnasguneen erabilera. Oraingo paradigma pedagogikoa da "euskara eskolan ikas gero kanpoan erabiltzeko". Zorigaitzez alderantziz gertatzen da, gero eta erdara gehiago erabiltzen baita eskolatik urruntzean. Halere, oro har eskola euskararen gotorlekua da. Zer egin gauzen hobetzeko.

1. Euskara erabiliz ikasten da bizikletarekin bezala. Tresna ezagutu behar da baina ibiliz ikasten da ibiltzen. Eskolan ez ote da denbora gehiegi iragaiten da entzuten eta irakurtzen? Aldiz ahozko ekoizpenak ez dira ebaluatzen (kalakak, antzerkiak, elkarrizketak) erabilerari buruz inportanteenak direlarik.

2. Arnasguneak espazio batzu dira non ere normal, erretx eta atsegin baita euskaraz mintzatzea. Arnasa hartzeko guneak edo xoko ekologikoak euskararentzat. Edo naturalki, ikastolan, familian, herrian. Edo oasi bat sortuz erdal basamortu zabaletan, Baionan kantuz, Herri Urrats, Gliss eguna, aisialdi edo kultura ekintzak.

Hona beraz inkesta honen erakaspen batzu laburpen honek agertzen dituenak. Hemen laburpen bat baizik ez da. Norbaitek inkesta osoa nahi balu, harremanetan sar dadila Manex Edozaintzi-Etxart Kolegioarekin.