Iurre BIDEGAIN

Bigarren etxebizitzen zerga igotzea eskatu du EH Baik

Bigarren etxebizitzen zerga %20tik %60ra igotzea aldarrikatu du EH Baik. Uztaritzeko herriak, oraingoz, neurria bozkatu duen bakarra da. Erabakia hartzeko epeak gidatuta, Herriko Etxeei beren kontseiluak otsailaren 28a baino lehen antolatzea eskatu die.

Herri Berri, Donibane Lohizuneko oposizioan dagoen taldea. ©HerriBerri
Herri Berri, Donibane Lohizuneko oposizioan dagoen taldea. ©HerriBerri

Abenduaren 29an onartu zuten finantza lege batek bigarren etxebizitzen zerga igotzea ahalbidetu du. Hain zuzen, "tentsiodun" deituriko zonaldeetan Herriko Etxeei %5 eta %60a arteko emendaketa gauzatzeko parada eskaini die. Herriko Etxe bakoitzak otsailaren 28a baino lehen zerga igoerari buruzko erabakia hartu dezake. Oraingoz, Uztaritzeko Herriko Etxea emendaketa bozkatu duen bakarra da Ipar Euskal Herrian.

Iragan urtarrilaren 26an Uztaritzeko hautetsien gehiengoak bigarren etxebizitzen zerga %60ra igotzea erabaki zuen. Mikel Goyheneche urbanismo hautetsiak azaldu duenez, bi arrazoi nagusik gidatuta erabakia hartu zuten. Alde batetik, Estatu frantsesak diru laguntza geroz eta guttiago ematen dituelako. Hautetsiaren erranetan, "90.000 euro guttiago eskaini dizkio". "Diru hori nondik irabazten ahal zen aztertu genuen eta lege berri horren alde bozkatu genuen", erantsi du.

Bestalde, "bi edo hiru etxe dituztenek" ordaindu beharko dutela diote, hots, "ahalmenak dituztenak". Goyhenetchek azaldu duenez, igoera hori dela eta, etxe ttipiena duenak "3,5 euro" inguru gehiago ordaindu beharko ditu eta "aberatsenak 340 euro inguru" gehiago.

Hitzartu duten emendaketari esker 20.000 euro irabaziko ditu herriak. "Kontuak orekatuko ditugu. Baina, oraindik falta da", erran du hautetsiak. Gaur egun Uztaritzen 2.600 etxeen gain, 176 "bigarren etxebizitzak" deiturikoak dira. Donibane Lohizunen, ordea, etxeen %47a bigarren etxebizitzak dira.

Egutegi aldaketaren eskakizuna

Hain zuzen, badira hilabete batzuk, Herri Berri taldeak lehen etxebizitza kontsideratuak ez diren bizitegien zerga %20ra emendatzea lortu zuen. Hautetsiek neurria aho batez onartu zuten. Araua berrikusi eta kopurua igotzea aldarrikatu du talde abertzaleak.

Neurria adostu denetik Donibane Lohizunen bigarren etxebizitzen kopurua gora egin duela nabarmendu du Herri Berrik. "Bigarren etxebizitzen kopurua emendatzea oztopatu nahi baldin badugu edota diru sartze hori hirigintza edo sozial arloan erabili nahi baldin badugu, behar beharrezkoa ikusten dugu, legeak onartu eta ahalbidetzen duen bezala, etxebizitza zerga %60ra igotzea", aipatu du. Zerga %20ra pasa denez geroztik, 450.000 euro irabazi ditu Lapurdiko hiriak. EH Baik azaldu duenez, Biarritzek 650.000 euro eskuratu ditu.

Donibane Lohizuneko hurrengo kontseilua martxoaren 10ean iraganen denez, data aitzinatzea galdegin du Herri Berrik. Hau da, otsailaren 28a aitzin aurreikusitako kontseilua mantentzea eskatu du.