Igor Uriarte Villepenteko kartzelatik lekuz aldatu dute

Villepenteko kartzelan zegoen Igor Uriarte Chateaurouxko espetxera lekuz aldatu dute. Oraingoz, senideek ez dute Arkaitz Agirregabiriaren berririk. 


Iurre BIDEGAIN|2017/02/15 13:44|0 iruzkin
Villepinte
Agirregabiria eta Uriarteri elkartasuna adierazteko elkarretaratzea Bilbon, iragan abenduan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Villepenteko kartzelan zeuden Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiriak ez zituzten beren senideak deitu otsailaren 14ean. Abokatuak goiz honetan espetxera deitu eta atzo gauean Uriarte Fresnesera eraman zutela jakinarazi diote, senide batek azaldu duenez. Oraingoz, Agirregabiria Villepenteko kartzelan legoke.

Uriarte Fresnesera eraman ondoren, gaur goizean beste euskal preso batekin Chateaurouxko espetxera eraman dituztela aipatu du senideak. Ugaitz Errazkin litzateke Uriarterekin batera eraman dutena. Chateaurouxko kartzela Euskal Herritik 500 kilometro baino gehiagora dago.

Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiria azaroaren 18az geroztik zigor ziegan zeuden. Zuzendaritzak ziega bera partekatzea agindu zien eta euskal presoek beren "baldintza duinen" defentsan protesta abiatu zuten. Geroztik "baldintza gogorrei" aurre egin behar izan diete.