Euskal ihauterien ohiturak Baionako karriketan

Baionako ihauteriak otsailaren 16tik 19ra iraganen dira. Beste urteei konparatuz, aurten Baionak inoiz baino ihauteri handiagoak antolatu nahi ditu, dantza, kabalkada, eta ikastaro tradizionalei esker.

Irati ESPARZA GUIMON|2017/02/15 16:25
Capture_d_e_cran_2017-02-15_a_12
Martxoaren 4ean, larunbatarekin, ihauteriak ospatuko dituzte Baionan.

Ihauteriek Euskal Herriko ohiturak jorratuko dituzte otsailaren 16tik 19ra. Aurten, desfileak lau egun iraunen ditu, bi ordez. Horri esker aktibitate gehiago proposatuko dituzte, inoiz ikusi gabeko kabalkada bat izanen da. Ibilaldi honek, hainbat joaldun, hartz bat, txaranga, ''Erro bat'' danbor taldea eta kolorezko jende anitz elkartuko ditu. Orotara 150 bat izanen dira kaleetan.

Berrikuntza handiak antolatuko dituzte, adibidez, Lauga salan iraganen den antzerkia ostegun gauean. Euskal istorioak kontatuak izanen dira dantza garaikide eta tradizionalen bitartez. Indar handiak egin dira herri honen kulturaz oroitzeko eta lehengo ihauteri giroa atzemateko.
Baina aurten, Baionako ihauteriak Donibane Lohizunekoekin batera iraganen dira. Gainera, iaz ezeztatu behar izan zituzten eguraldi txarrarengatik. Aurten espero dute eguraldi ona eginen duela.

Baionako ihauterietan, ''Oroi bat'' dantza taldea inoiz baino gehiago engaiatu da. Normalki, San Espiritu auzoan aritzen da dantzan. Aurten, parte hartze askoz garrantzitsuagoa du.

Programa kargatua

Ostegun goizean haur eskolek antzerki eta tailerrak proposatuko dituzte Lauga salan 09.00etatik 11.00etara. Arratsean, Laugan ere bai, 20.30etan hasiko diren hiru antzerki daude. Horietako bi antzerki Kukai dantza taldearen obrak dira. Hirugarrena aldiz, Xateletarrakena. Sartzeak 10€ balio ditu eta urririk da 16 urte baino guttiago dutenentzat. Billeteak Baionako turismo bulegoan edo han bertan atzeman daitezke.

Ostiralean, oinarrizko eskolek izanen dute garrantzia goizeko 09.00etatik 11.00etara Lauga salan. Antzerkiak eta "Manequin Challenge" bat antolatuko dituzte. Gaueko 20.15etan hitzaldi bat antolatuko dute '' 800 urte, Baionako ihauteriak'' gaiari buruz.

Larunbatean, Zanpantzarren eguna da. Goizeko 07.00etatik merkatariak mozorrotuak izanen dira. Hamarretan gosaria antolatua da Baionako auzoetan. Polo Beyris, hiri barneko eta Saint Etienneko elkarte etxean. Beste aktibitate guziak Roland-Barthes zelaigunean iraganen dira. Hamaiketatik landa makillaje tailerrak, tapas-aperitifa, txapelak, maskak eta Zirtzil jantziak egitea proposatuko diete haurrei. Hamabietan, Zanpantzarrek bere sartzea eginen dute musikarekin bat. 12.00etatik 14.30etara dantzaldi ohikoa proposatuko dute. Hartza etorriko da gizon basatiekin 14.30etan. Hori eta berehala, momentu garrantzitsuena iraganen da: kabalkadaren hasiera erdiguneko karriketan. Lauetan desfilea berriz abiapuntura itzuliko da Zanpantzarra erretzeko. Arratseko 18.00etan peñek, kantuz, ''carnavalcade'' aurkeztuko dute 21.00ak arte.

Igandean Lauga gelako lehen solairuan 15.00etatik 17.00etara dantzaldi bat antolatuko dute mozorrotuko diren adinduentzat. Sarrera 10 eurokoa izanen da, edariak eta jatekoa barne. Izena emateko 06.43.38.71.08ra deitu behar da.

Horrez gain, martxoaren 4ean, larunbatarekin, ihauteriak ospatuko dira ere. 10.00etan ibilaldi bat izango da karriketan eta 11.00etan zirtzilen jokoa, bertsuak eta dantzak antolatuko dituzte. Bazkaria Baionako Zizpa Gaztetxean izanen da. Izenak otsailaren 24a aitzin eman behar dira 06.29.88.96.32 zenbakira deituz.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK