Iurre BIDEGAIN

Sindikalismoa birpentsatzeko alternatibak eraiki nahi ditu LABek

Enpresa oso tipiko hauteskundeen tokiko emaitza zehatzik ez dagoen arren, LAB Ipar Euskal Herrian lehena agertu dela diote aurreikuspenek. Aurtengo parte hartze apalari aurre egiteko sindikalismoa birpentsatu behar dela uste du sindikatu abertzaleak. Hurbiltasuna lortzea denek egin beharreko pausua dela pentsatzen du LABek.

Enpresa oso tipietako hauteskundeen emaitzen irakurketa egin du LABek otsailaren 10ean. ©LAB
Enpresa oso tipietako hauteskundeen emaitzen irakurketa egin du LABek otsailaren 10ean. ©LAB

Enpresa oso tipietako hauteskundeen emaitzak ezagutzera eman zituzten otsailaren 3an. Egun berean Euskal Herri mailan emaitzak argitaratzea aldarrikatu zuen LABek Angeluko Direcct erakundearen egoitzan. Bere iritziz, departamenduko zenbakiek tokiko errealitatea desitxuratzen dute.

Lurraldeko negoziazio eremuak lortzeko eta batez ere langileen lan baldintzak hobetuko lituzkeen akordioak lortzeko, emaitzak beharrezkoak direla uste du sindikatuak. Hala ere, ez litzateke soilik onuragarria izanen sindikatu abertzalearentzat, baizik eta besteentzat ere. "Horretarako, dei publikoa egin dugu eragile sozial eta arduradun politikoak inplikatzeko. Onartu eta errespetatu dezaten Ipar Euskal Herriko langileok nahi dutena", erran du Eñaut Aramendi LABeko bozeramaileak.

Hala eta guztiz ere, argitaratutako emaitzekin aurreikuspenak egin ditu sindikatu abertzaleak. Horien arabera, Ipar Euskal Herrian 884 boz lortuz lehen indarra agertu da LAB. Departamendu mailan, bigarren gelditu da CGT eta gero. "Baikorki baloratzen ditugu emaitzak. Horrek erran nahi du langileek konfiantza egiten digutela. LABek erantzuten du, besteak baino gehiago", aipatu du.

Alternatibak eraiki

Parte hartzea %8,9koa izan da Akitania Berrian. "Parte hartzea tipiegia" dela uste du LABek. "Autokritika egin behar dugu, baina ez guk bakarrik. Ulertu behar dugu zergatik enpresa tipietako langileak sindikalismotik urrun diren. Edo, zergatik sindikatuak enpresa oso tipietako enpresetako langileetatik urrun diren", gehitu du bozeramaileak. Engaiamendu hori areagotzeko alternatibak atzeman behar direla uste du LABek.

Ildo horretatik, sindikalismoa "birpentsatu" behar dela dio. Datorren hilabeteetan bide horri eutsiko du. Enpresa oso tipietan sindikalismoa erakargarriagoa bilakatzeko lehen urratsa Lurralde Komisio Paritarioa sortzea litzateke, bere erranetan. 2012az geroztik "Bertan erabaki" lemapean sindikatu abertzaleak aldarrikatzen duen tresna da. "Langileek sentitzen badute badutela gune bat beren lan baldintzetaz hitz egiten duenak eta horien alde negoziatzen duenak, interesa ukanen dute", uste du Eñaut Aramendik.

Gisa horretan, hurbiltasuna bermatuko luketela dio. "Bide hori hartu dugu eta horretatik segituko dugu. Pentsatzen dugu hurrengo urteetan lortuko dugula", aipatu du bozeramaileak.