Kazeta

Biopsiaren emaitzen zain dago Oier Gomez euskal presoa

Parisetik hurbil dagoen Pitie Salpetriereko ospitalean dago Oier Gomez. Tumore baten eraginez urgentziazko ebakuntza egin zioten eta orain, biopsiaren emaitzen zain dago. Abokatuak bere kondenaren suspentsio eskaera egin du. Bagoazek hurrengo asteetan mobilizazioak prestatuko dituela iragarri du.

Bagozek Oier Gomezek pairatzen duena salatzeko agerraldia antolatu du otsailaren 9an Baionan. ©Isabelle Miquelestorena
Bagozek Oier Gomezek pairatzen duena salatzeko agerraldia antolatu du otsailaren 9an Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Iragan otsailaren 10ean, urgentziaz, Meauxko ospitalera eraman zuten Oier Gomez. Bertako presondegian dagoen euskal presoari ebakuntza egin zioten bizkarrezurrean presioa egiten zion masa bat dela eta. Minbizia diagonistatu diote eta orain, biopsiaren emaitzen zain daude. Pairatzen duen minbizia "agresiboa" dela azaldu du bere abokatua den Clara Rougetek.

Oier Gomez 2011ko apirilaren 14ean atxilotu zuten. Bost urte beranduago hamabost urteko kondena agindu zioten. Bere abokatuak azaldu duenez, "derrigorrezko zigorra" dela eta, bederen 2018ko urria arte preso egon beharko luke.

2013an odoleko minbizia diagonistatu zioten euskal presoari. Garaian jasotako kimioterapiari esker gainditu zuen, baina iragan urtarrilaren 10ean berriz ospitalizatu behar izan zuten. Egun batzuk lehenago Meauxko ospitalera eramatea proposatu zioten, baina 2013an jasotako tratua dela eta, proposamenari uko egin zion.

Bagoaz eta bere abokatuak erietxean jaso duen tratamendua deitoratu dute. Ospitalera eskuburdinekin eta hanketan trabak jarrita eraman zuten. Beranduago urgentziazko ebakuntza egiteko Pitie Salpetieko erietxera eramatean ere baldintza berekin lekuz aldatu zuten. "Ebakuntza baino lehen hartu behar izan zuen dutxarako ere lotua zegoen. Arrunt salagarria da", aipatu du Rougetek.

Gaur egun emaitzen zain dago Gomez. Ospitaleko unitate berezian bost funtzionarioek zaintzen dutela esplikatu du abokatuak. "Miaketa integralak egiten dizkiote eta astean bisita bakarra du", azpimarratu du. Egoera dela eta, bere kondenaren suspentsioa eskatu dute. "Artamendu egokia jaso eta bere senideez inguratua izan dezan", gehitu du Clara Rougetek.

"Berehalako askatasuna"

Gaur egun 344 euskal preso daudela eta horietariko hamahiru larriki gaixorik daudela salatu du Bagoazeko Emilie Martinek. Ibon Fernandez Iradiren suspentsio eskaera ezeztatu zutela oroitarazi ondoren, larriki gaixorik daudenen berehalako askatasuna aldarrikatu du.

"Euskal Herriko gizartea eta hautetsiek aho batez Estatuari bake prozesuan sartzea eskatu diote", erran du. Ildo horretatik, Oier Gomez eta Ibon Fernandez Iradiren askatasuna pausu bat litzakeela uste du. Suspentsio eskaeraren daten zain daudela aipatu ondoren, kolektiboak datozen egun edo asteetan mobilizazioak iragarriko dituela kontatu du.