Ateak hetsi ditu Ziburuko Luma haurtzaindegiak

Barne arazo batek Ziburuko Luma haurtzaindegi euskaldunaren hetsiera eragin luke. Astelehenaz geroztik ateak hetsi ditu. Familiek laster aterabide bat atzematea espero dute eta horretarako, "Ttipi Ttapa" elkartea sortzea erabaki dute.

Kazeta|2017/02/08 16:11|0 iruzkin
Med_creche_luma_fermee_ziburu_imiquelestorena01
Otsailaren 6az geroztik hetsia dago Luma haurtzaindegia. ©Isabelle MIQUELESTORENA

Otsailaren 6az geroztik, hamahiru familiek ezin dituzte beren haurrak Luma haurtzaindegira eraman. Eguberritan administrazio kontseiluak erakundea desegingo zela abisatu bazien ere, ez zuten espero hain azkar gertatzea.

Guy Poulou Ziburuko auzapezak gertakarien oinarrian, "administrazio kontseilua eta langileen" arteko arazo bat dagoela azaldu du. Herriko Etxeak horretan parte hartu ez duela nabarmendu ondoren, soilik egoitza bere esku uzten zuela esplikatu du. Bere lehentasuna haurtzaindegi euskaldun baten zerbitzua mantentzea dela dio.

Aterabide bat atzemateko, Herriko Etxea erakundea finantzatzen zuen beste egiturekin bildu da astelehenean. Hots, CAF Familien Laguntzarako Kutxa eta PMI haurren babeserako erakundearekin. LAB sindikatua ere presente zegoen.

Benetako arrazoia zein den jakitea zaila da. Burasoek azalpenak itxoiten dituzte. Baina, bitartean langileak kanporatzeko prozedurak martxan dira. Ipar Euskal Herriko eta Seignanx eskualdeko CAF egiturako zuzendaria den Chantal Rémyk aipatu duenez, abenduaz geroztik aurreikusi zuten hetsierari buruzko bilkurak antolatu dituzte badira aste batzuk.

Haatik, haurtzaindegia "espero baino lehenago" hetsi denez, familiei zerbitzua eskaintzeko egituraren aurkikuntza urgentziazkoa da. Lumak burasoei haurrak errezibitzeko dauden aukerak azaltzeko engaiamendua hartu du. Hala nola, Urruña eta Donibane Lohizuneko haurtzaindegiak eta haurzain autonomoak.

Ttipi ttapa, aterabideen bila

Erakunde berri bat abiatzeko hilabeteak beharko lirateke, proiektua prestatzeaz gain, finantzamendua lortu behar delako. Burasoak ez dira geldirik gelditu. Aterabideak atzemateko xedez elkarte bat sortu dute: Ttipi Ttapa. Taldearen bidez segida hartu nahiko lukete. "Egoitzaren egitasmoa bidaliko diegu bihar CAF eta PMIri", jakinarazi du Bruno Uthurria elkarteko lehendakariordeak. Hala ere, Ttipi Ttapak ez ditu beste aterabideak baztertzen. 

Elkarteko kideak langileekin oso pozik zeudela nabarmendu nahi izan du. "Defendatu nahi dugun zerbait da", gehitu du. Langileei elkartasuna helarazi eta, hasieratik haurtzaindegi berri baten proiektua sostengatu dutela azpimarratu du.