Adindunen saloia otsailaren 11tik 12ra Biarritzen

Animazio eta ekitaldi desberdinek osatuko dute Bel Avenir saloiaren bigarren edizioa. Biarritzeko Halle d'Iraty gelan iraganen da otsailaren 11ko asteburuan.

Kazeta|2017/02/08 12:40|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-01-20_a_18
Bel Avenir saloina otsailaren 11tik 12ra iraganen da Biarritzen. © DP Bel avenir

Erretreta hartu eta 25 urte gehiago bizi ohi da jendea. Hori dela eta, urte luze hauetan, beharrak eta nahiak dituzte pertsona zaharrek. Nahi eta behar horiei erantzuteko Bel Avenir saloia antolatuko dute Biarritzen otsailaren 11tik 12ra.

Bere bigarren ediziorako, 85 erakusle baino gehiago hurbilduko dira Biarritzera. Hamar bat mintzaldi eta ekitaldi izanen dira. Aipatuko diren gaien artean: diru baztertzea, erretreta, ondarea, bidaiak, aisialdiak, teknologia berriak, jokoak, kultura, osasuna eta elikamoldea. 

Zilarrezko ekonomia izendapean biltzen dira aktibitate ekonomiko horiek. Crédoc ikerketa zentroaren aburuz, baztertu edo mespretxatu behar ez den eremua da zilarrezko ekonomia hori, zeren eta pertsona zaharrek gastatzen baitute diru gehien horretan. Hala nola, osasuneko gastuen %64a ordezkatzen dute, elikamoldekoen %58a, aisialdikoen %57a, eta asegurukoen %56a.

Akitania Berrian atzematen da Estatu Frantseseko biziraupen luzeena. Izan ere, 6 milioi biztanleetatik 1. 800.000 dira 60 urte baino gehiago dituztenak. 660.000 daude 75 urte baino gehiagorekin. Hamar urtez, bizi esperantza 2,7 urtez igo da gizonentzat, eta 1,7 urte emakumeentzat.

Bizi esperantzaren igoeragatik, 2020 urterako 250.000 lanpostu gehiago sortuko dira Estatu Frantsesean. Horretaz segur da pertsona zaharrez arduratzen den Estatuko idazkaria den Pascale Boistard. Lan gehienak ordea, pertsona zaharrak laguntzekoak izanen dira, eta langile berri horien formakuntza hobetzeko bidea hartu behar dela diote jadanik eragile batzuek.