Iban LIZARRALDE

Argindarra: eredu zentralistaren bukaera

ANALISIA- Orain arte harrotasunez aurkeztu den energia eredua eta konkretuki azken mende erdian garatutako argindar sistemaren mugak agerian jartzen ari dira.

Gaur egun beharrezkoa dugun argindarraren %97a Euskal Herritik kanpo dator.
Gaur egun beharrezkoa dugun argindarraren %97a Euskal Herritik kanpo dator.

Azkenengo asteetan, makinatxo bat hedabidetan, argindar kontsumoa jeisteko deiak entzun ditugu. Batzuek Enedis enpresako langileak kalean ikusi dituzte transformagailu bat aldatzen edo eta argindar sarean larrialdiko esku hartze bat egiten. Hotzaldia dela, zentral nuklearren mantentzea dela… badirudi arazo handiak sortu daitezkeen unea pasatzen ari garela. Batzuek "blackout" baten arriskuaz ere mintzo dira. Orain arte harrotasunez aurkeztu den energia eredua eta konkretuki azken mende erdian garatutako argindar sistemaren mugak agerian jartzen ari dira.

Gogoratu dezagun, orokorrean, sektore gehienetan energia modelu zentralistak garatuak izan direla. Argindarraren kasuan, zentral elektriko handiek sortutako argindarra, norabide bakarreko sare baten bitartez banatua da Frantzia guzian zehar. Euskal Herria ez da sistema honetatik kanpo gelditzen eta gaur egun beharrezkoa dugun argindarraren %97a kanpotik dator.

Baina azkenengo urteetan, gai hauetan adituak diren pertsona ainitzek aldaketa handiak datozela iragarri dute. Argindar modelu zentralistaren aroa laster bukatuko omen da eta modelu deszentralizatu batek hartuko du bere tokia. Energia berriztagarrien teknologia garapenak eta lortu duten prezio konpetitiboak, sortze sistema hauen zabalkundea dakar. Honekin batera sare adimentsuen etorrerak, argindar banakuntza sistema guztiz aldatuko du. Zentral handietan errotutako norabide bakarreko sareak, "adimen" handiagoko sare bati utziko dio lekua. Argindarra bi norabideetan garraiatua izanen da eta gure inguruan, kontsumo puntuak identifikatzen ditugun bezala, biharko egunean sorkuntza uneak ere ikusiko ditugu. Gure etxe, lantegi, baserri eta abarretan batzuetan argindarra eskatu eta besteetan argindarra igorriko dugu. Modelu "kaotiko" honetan sorkuntza eta kontsumoaren inguruko informazioaren jarioak bere biziko garrantzia izanen du eta horren ondorioz erabiltzen dugu "sare adimentsuaren" kontzeptua.

Orain arte erabili den teknologia zentralistarekin batera , modelu sozio-ekonomiko zentralista bat garatu da energiaren inguruan. Enpresa handiek kontrolatzen dute energia sektorea eta energiaren inguruko erabakiak estatu mailan hartzen dira. Hala ere, liberalizazio prozesuak energia sektorea ere harrapatu du. Kontsumitzaileak ez dira gehiago behartuak EDFeri argindarra erostea eta makinatxo bat hornitzaile berri agertu dira merkatuan. Honetaz gain, klima aldaketa eta energia fosilen inguruko hausnarketak, herritar gero eta gehiago bultzatzen ditu energiaren gaia heuren eskutan hartzera. Batzuek eguzki panoak jarri dituzte heuren teilatuetan, besteek hornitzaile "berde" bat aukeratu dute eta beste batzuk kontsumitzaile taldeetan edo eta eta kooperatiba berrien inguruan antolatu dira. Aldaketa guzti hauek energia kontsumitzeko, banatzeko eta sortzeko modelu berri bat ekarriko dute, “trantsizio energetiko” bezala ezagutzen dena.

Aldaketa horiek aukera polita izan daitezke gure lurraldearentzat: Energia dependentzia jeisteko, ingurumenean dugun eragina murrizteko, deslekutu ez daitezkeen lanpostu berriak sortzeko eta orokorrean herritarren arteko dinamika berriak sortzeko.

Aldaketa hasi da eta begiak zabal zabalik ukan behar ditugu. Gure laborarien lurrak interes partikularretarako erabiliak izan diren bezalaxe, jada ikusten ari gara, kanpotik datozen enpresa ezberdinak, gure lurraldeak eskeintzen duen energia sortzeko aukerak ustiatzeko prest.

Adibide gisa, Oztibarreko haize-errotak aipatuko ditugu. Enpresa aleman batek aurkeztu berri du proiektu hau garatzeko eskaera. Esperientzia handiko enpresa da eta berehala azaldu digute heuren jarduera ekologiko eta herrikoia. "Herritarren enpresa" gisa aurkezten dute beren burua, baitakite horrelako proiektu batek herritarren onespena behar duela.
Aldiz, gurean, badakigu zer den herritarren proiektu bat. Makinatxo bat elkarte eta kooperatibek egiten dute lan egunero sektore ezberdinetan. Eta energiaren sektorea ez da salbuespena. Sugarai eta I-ENER bezalako ekimenek argi uzten dute posible dela energiaren gaia herritarren artean kudeatzea, posible dela instalakuntza berriei loturiko lanpostuak gurean sortzea eta posible dela heltzen ari diren energia teknologia berriak gure baloreekin tintatzea.

Teknologia berriek, modelu deszentralizatu bat erreztuko dute baina gure esku dago, modelu berri hau kudeatuko duen gobernantza demokratiko bat garatzea; elkarte, kooperatiba eta hautetsien arteko lankidetzari esker.