Kazeta

Trenbideak gero eta "lanjerosagoak" direla salatu du CGTk

Gero eta lanpostu gehiago ezeztatuko ditu ondoko urteetan SNCF sozietateak Estatu osoan. Hori dela eta, arraberritze lanak entrepresa pribatuei ematen dizkie, baina CGT sindikatuak entrepresa pribatuen lana txarra eta bidaiarientzat lanjerosa dela salatu du. Egoera hori deitoratzeko, egun osoko greba burutu dute otsailaren 2an CGTko trenbideko langileek.

Trenbideetako lanak formatuak ez diren entrepresa pribatuetako langileek daramatzate.
Trenbideetako lanak formatuak ez diren entrepresa pribatuetako langileek daramatzate.

CGT sindikatua kexu dabil azken denbora hauetan. Izan ere, azken hamar urteetan 25.000 lanpostu ezeztatu ditu SNCF sozietateak, eta tendentzia hori aldatuko denik ez dirudi. Sindikatuak azaldu duenez, heldu diren zazpi urteetan, desagertuko diren 48.000 lanpostuetatik 24.000 baizik ez lirateke aldatuak izanen. Deus aldatzen ez bada, ondoko hogei urteetan, 50.000 trenbideko langile guttiago izanen dira. CGTk antolaturiko mobilizazioa dela eta, Ipar Euskal Herriko tren gidarien %60a greban egon da otsailaren 2an.

CGTk lanpostu ezeztatze horiek bertan behera uztea eskatu du, eta zerbitzu publikoaren beharren arabera SNCFek postuak ideki ditzan nahi du. Horrez gain, milioi bat langabe dagoela Estatu fratsesean oroitarazi du sindikatuak, eta SNCFek aurreikusten dituen lanpostu ezeztatzeak behar den norabidean ez doazela dio.

Estatu fratsesaren jarrera salatu du batez ere CGTk. SNCFek entrepresa pribatuak kontratatzera akuilatzen duela dio berak. Haatik, oihartzun txarrak ateratzen dira entrepresa pribatuek egindako lanetatik. CGTk dio entrepresa pribatuetako langileak gaizki formatuak direla, eta baliabideak eskas zaizkiela. Horregatik, zerbitzu publikoaren kalitatea ez da lehen bezain ona kasu anitzetan.

Baiona-Hendaia oren batez

Euskal Herriko trenbideak hunkiak dira, adibidez. Hain zuzen ere, Baiona-Hendaia ibilbidea arraberritu zuten duela hiru urte entrepresa pribatu bateko langileek, baina egindako lanak arazoak dakartza gaur egun. Biarritz eta Donibane Lohizune arteko bidean trenak 40 kilometro ordutan joan behar dira, burdinbidea "lanjerosa" baita. Konparatzeko, arraberritze lanak obratu baino lehen, trenak 70 kilometro ordutan zihoazen. Alta, 30 urte ziren bidea ez zela arraberritua izan. Baiona eta Hendaiaren arteko bidea egiteko beraz, oren bat behar da egun. Arraberritze lanak aitzin, 40 minutaz egina zen bakarrik.

SNCFek daraman politika "arriskutsua" da sindikatuaren aburuz. Diru guttiago gastatu nahirik, ongi formatuak ez diren langileak kontratatzen dituela uste du. Ez da pentsatu behar istripua urrun dela. Biarritz eta Donibane Lohizune arteko bidea berriz arraberritu beharko du SNCFek, baina obrak ez dira 2022ko urtea aitzin hasiko. Hain zuzen ere, sozietateak epaitegira jo du entrepresa pribatuak egindako lan txarrarengatik. Oraingoz, entrepresa pribatu horrek ez du dirua itzuli nahi. CGTk dio SNCFek formatuak diren bere langileak hartu balitu, halako arazorik ez zatekeela izanen.