Kronika
 
Agate Deunaren bezpera

IRITZIA- Agate Deuna edo Santa Agedari ospakizunean jatorriaz hausnartu du gaurkoan. Aspaldi, Lapurdi eta Baxe Nafarroako herri anitzetan ospatzen bazen ere, gerlen eraginez isilean gelditu zen. Azken urteetan berpizten joan dela azaldu du idazleak. Hala nola, Hendaian, Baionan eta Donibane Lohizunen.

Joseba AURKENERENA|2017/01/31 12:37|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12
Joseba Aurkenerena iruditan.

Euskal Herriko neguko jaietako bat dugu, Agate Deuna, Dona Agata edota Santa Ageda saindu eta martiri giristinoaren egunarekin loturik dena. Saindu honen eguna otsailaren 5a bada ere, Euskal Herrian erritual guztiak bezperan egiten dira. Euskal Herri osoan ospatzen da, baina Bizkaian sekulako indarra hartzen du besta honek. Euskal giristino tradizioari jarraiki San Migel litzateke Euskal Herriaren zaindaria, irailaren 29an, eta Agate Deuna gure zaindarisa. Santa Ageda bezpera dugu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna -dio gure geografiaren luze-zabalean zabalduen dagoen kobletako batek.

Historiak erraiten duenez, Agate Deuna siziliarra omen zen, 230. urtean sortua. Biziki neska ederra zenez, Erromak Sizilian zuen Quinciano izeneko gobernadore paganoak Agateren amodioa erdietsi nahi izan zuen.

Agate, berriz, giristino sutsua omen zen, eta ez zuen Quincianok ezkontzeko egin zion proposamena onartu. Gobernadoreak ez zuen ongi hartu neskaren ezezko erantzuna eta biziki haserre zelarik, Agate kartzelan zuen sartu. Honek ez zuen neskaren deliberoa aldatu eta orduan borreroen esku utzi zuen tortura zezaten. Bularrak moztu egin omen zizkioten eta hogeita bat urte zituela, hil zen 251ko otsailaren 5ean. Giristinoentzat neskato hau izan da Europako mendebaldean izan duten lehenengoetako birjin martiria.

    Eta zer egiten du saindu siziliar honek Euskal Herrian? Eta holako indarraz, gainera! Ongi aztertu beharreko gaia da, dudarik gabe. Batzuek diotenez, marinelek eta itsasgizonek ekarri zuten neska horren historiaren berri euskal portuetara, eta hortik zabaldu omen zen gure lurralde osora. Baliteke. Badira, berriz, jai hau ainitzez zaharragoa dena erraiten dutenak. Hauen ustez, neguko solstizioaren ondorengo jaietako bat izan liteke eta otsailean oraindik lo dagoen lurra iratzartzeko errito zaharrekin loturik legoke. Hauek diotenez, bazen jai zahar bat egun horietan, eta giristinoek Agate Deunaren tradizioa ezarri omen zuten tradizio jentil zaharraren gainean, Eguberri egunean, edota udako solstizioarekin, Jondaine Joaneren eguna jarriaz, egin zuten bezalaxe. Nork daki!

    Modu batean edo bestean, gauza da euskal usaian Agate Deuna abere gisa irudikatzen dela, gehienetan ahuntz edo katu itxuraz. Nafarroa Garaiko Ablitas herrian uste zutenez, Agate Deunaren bezperako gauean banatzen omen ziren hurrengo urte osorako ekaitzak.

    Euskal Herri osoan ohitura handia dago bezperan kopla zaharrak bidez bide eta etxez etxe abesteko. Parte hartzaileek makila bana eramaten dute eskuan eta lurra joz erritmoa markatzen dute. Euskal jantzi tradizionalaz jantzita ibiltzen dira gizonezkoak zein emakumezkoak, eta eskutan daramaten kriseiluen argitan ibiltzen dira diru edota janari eskean, kopla zaharrak kantatzen. Gehienetan, koplako bertsoak lagun batek edo bik abesten dituzte eta gainerako guztiek errepika edo leloa kantatuz erantzuten diete. Herri bakoitzak bazituen bere kopla bereziak, eta gainera, ainitzetan, urtez urte aldatzen omen zituzten. Dena den, badira bi bertso Euskal Herri osoan, zenbait aldaerekin, errepikatzen direnak. Honatx:

Zorion etxe hontako denoi,
oles egitera gatoz.
Aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
bainan eztarriz sano gabiltza
ta kanta nahi degu gogoz.

Santa Ageda bezpera degu
 Euskal Herriko eguna;
 etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
 Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna; haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.  

    Antzina, mutil gazteak bakarrik ibil zitezkeen gau horretan kantari, baina XX. mendeko azken hamarkadan jai hau emakumeentzat eta adin guztietako jendearentzat zabaldu zen. Hainbat herritan, jai hau, biziki loturik dago inauteriarekin. Herri askotan, bezperako gauean, elizetako ezkilak jotzen zituzten eta laborariek zahato zaharrak erre eta gero errautsak bildu eta pentze eta soroetan zabaltzen zituzten suteak eta izurriak aldentzeko.

    Iparraldean ere tradizio zahar-zaharra dugu, eta herriz herri, auzoz auzo, etxez etxe eta bidez bide kantatu izan dira eta oraindik kantatzen dira gaur. Donibane Lohizunen Begiraleak elkarteak antolatzen zuen besta hau, baina azkeneko hamarkadetan aski galdua egon da. Azken urteetan indarrez berpiztu da, eta gainera ohiko kantuen artean, beste honako hau ere abesten dute. Xabier Soubeletek egina da eta Agate Deuna izena du.


Agate Deuna gurea,
martiri euskalduna,
Euskal Herrian izan den
maitatuena.
Agate, Agate Deuna
ospatzen duguna,
bezperaz eta urtez urte
kantatzen duguna.

Agate Deuna, Agate
euskaldun izate.
Agate Deuna, Agate,
denek zaitugu maite.

Agate Deuna gurea
zer gaztigu dorpea,
gogorra da bularrak moztea,
emetasuna galtzea.
Agate, Agate deuna,
Ahazten ez dena,
gure Herriaren eredu
behin bihurtu zena.

Agate Deuna, Agate
amodiozko izate.
Agate Deuna, Agate,
denek zaitugu maite.

Agate Deuna gurea,
guk abesten duguna.
Euskal Herriko martiri
ospetsu izan zena.
Agate, Agate deuna
guk maite duguna,
betiereko esker ona
zor dautzuguna.

Agate Deuna, Agate
Otoi erruki zaitez,
Agate Deuna, Agate
denek zaitugu maite.