Xan Idiart

Uhinen arriskuez

Dominique Belpomme irakasleak uhin elektromagnetikoen lanjerrari buruzko mintzaldi bat eskainiko du otsailaren 3an Biarritzen. Aurre hitza gisa edo, prentsaurreko bat antolatu zuen Biarritz Antennes elkarteak joan den astean.

Pierre Nicot Biarritz Antenneseko kidea, eraikin baten gaineko hamar antenak erakusten ari.  ©Isabelle Miquelestorena
Pierre Nicot Biarritz Antenneseko kidea, eraikin baten gaineko hamar antenak erakusten ari. ©Isabelle Miquelestorena

Datorren otsailaren 3an, uhin elektromagnetikoen arriskuetan aditua den Dominique Belpomme irakaslea Biarritzeko Bellevue Casinoko auditoriumera etorriko da mintzaldi baten eskaintzera. Izan ere, Biarritz Antennes izeneko elkarte batek alor horretan dihardu prebentzioa egiten, eta Belpommme irakaslearen etorrera dela eta, prentsaurreko bat eskaini zuen urtarrilaren 26an.

Uhinek bonbardaturik gaudela oroitarazi dute Biarritz Antenneseko kideak diren Pierre Nicot, Eric Sagous, eta Astrid Guillerminek. Halaber, gaur egungo haurrak ttipi-ttipidanik arriskuan direla azpimarratu dute, eta uhin elektromagnetikoek dakarzkiguten lanjerrak zeintzuk diren azaldu zituzten prentsaurrekoan. Uhin elektromagnetikoek eragin zuzena daukate gizakiaren gorputzean, neuronetan eta antzutasun kontuetan bereziki. Telefonoan denbora gehiegi pasatzeak, belarria baizik ez, baita burumuina ere berotzen duela erran zuten ironikoki. Berotu baino gehiago, neuronak erre egiten dira ere, eta horrek burumuineko minbiziak sor ditzake.

Antzutasun kontuei dagokienez aldiz, uhin elektromagnetikoek gizon eta emakumeen emankortasuna indargabetu dezaketela aitzinatu dute. Horrez gain, azken urteetan, gero eta mutiko gehiago daudela barrabiletako minbizia pairatzen dutenak gogorarazi dute. Hala eta guztiz ere, ez direla gaurko tresneria informatikoaren kontra esplikatu dute Biarritz Antenneseko kideek, baina haurrei (eta helduei) nola erabili irakatsi behar zaiela aurreratu dute.

Irakasteaz gain, antenekiko kontzientzia hartzea piztu nahi dutela erran dute, hain zuzen ere, horiek baitira egiazko arazoak. Konparazione Biarritzen, eraikin baten argazkia erakutsi zuten prentsaurrekoan. Erakin horren goialdean hamar antena zeuden, eta hori ezinezkoa dela osasunarendako aldarrikatu dute. Hango uhinen frekuentziak neurtuz, jendea 10 voltmetroren presentzian dela ziurtatu ahal izan dute, behar baino hamar aldiz gehiago, zeren eta, Europar Batasunak gehienez 0,6 voltmetrotan izatea gomendatzen baitu.

Antena ttipiak barreiatu

Antena lodi horien saihesteko, Suitzaren adibidea eman zuten. Izan ere, hango hiri batzuetan 0,6 voltmetroko muga hori ez dute gainditzen. Hori lortzeko, antena lodiak ezarri ordez, antena ttipiagoak barreiatzen dituzte. Erabilgarritasunaren aldetik, horrek ez du deus aldatzen antena lodien aldean, baina kostua anitzez garestiagoa da, eta Estatu frantsesean operadoreen lobia badela oroitarazi dute Biarritz Antennesekoek. Iribarrea aurpegian, Biarritz bezalako hiri batean, antena lodien estetikak hautetsi batzuk gogaitzen zituela erran zuten.

0,6 voltmetroko muga hori ez gainditzeko, 2017ko urtarriletik goitik lantoki guzietan talde bat izan behar da uhinak neurtu ditzan erregularki. Bestalde, herritar bakoitzak uhinen neurketa bat eskatzeko eskubidea dauka. Kitorik da eta noiznahi egin daiteke. Bere aldetik, Biarritz Antennes elkarteak, antenen kartografia bat galdegin zuen, baina oraingoz ez zaie onartua izan.

Uhin elektromagnetikoen bidez jendearen ohituak zelatatu nahi lituzke EDENISak (lehengo EDF) Linky kontagailuekin. Kontagailu horiek eztabaida sutsu askoren iturburuak dira, EDENISak jakin baitezake norberak zer dagien bere etxean eta zer tenoretan. Hori dela eta, informazio horiek emanak zaizkie salmenta enpresa batzuei, eta horiei esker, edo horiengatik, publizitateak igortzen dizkiete Linky kontagailu bat duten pertsonei.

Hala ere, Linky kontagailua ezartzeari uko egin dakioke oraingoz behintzat. Horretarako, Herriko Etxeari idatzi behar zaio. Biarritzen esate baterako, mila bat familiek kontagailu horien kontra idatzi diote Michel Veunac auzapezari.