Kattin CHILIBOLOST
Elkarrizketa
Idoia ARRAIZA
Bilgune Feministako kidea

"Erasotzaileak bere alabari mina egin dio, Sara berari ere min hori eragiteko"

Sara Majarenasen alaba ospitaleratua dago urtarrilaren 15az geroztik. Euskal presoaren bikote ohiak labankadaz erasotu zuen. Izar hiru urteko umea hobera egiten ari da. Bilgune Feministako kidea den Idoia Arraizak indarkeria matxistaren kasu horren irakurketa plazaratu du Mediabask Hebdo aldizkarian.

Idoia Arraiza Bilgune Feministako kidea Hamaika Telebistan.
Idoia Arraiza Bilgune Feministako kidea Hamaika Telebistan.

Bilgune Feministak kasu hori eraso sexistatzat jo du. Zergatik? 





Erasotzailea espetxean dagoen Sara Majarenaren bikote ohia da. Erasotu duen umearen aita da. Iruditzen zaigu beraien arteko harreman horretan, botere harreman bat zegoela. Orokorrean ulertzen dugu botere harremana genero aldetik. Uste dugu, gizon horrek botere maskulino hori erabili duela. Kasu honetan bere alabari mina egin dio Sara berari ere min hori eragiteko. 



Guk ulertzen dugu azkenean sistema honen pieza hauskorrenak emazteak eta umeak direla, edo behintzat ahulenak. Umeen artean ere askotan neskak hauskorragoak dira. Gizon zuri heterosexuala botere honen adierazle nagusiena da. Kasu hori indarkeria matxistarekin lotzen dugu ere. Oinarrian dagoen arrazoia generoaren araberako botere harreman batzuk direlako. Ez du ume hori erasotu besterik gabe burua joan zaiolako, Sarari min eman nahi ziolako baizik. Kontrolpean eduki nahi zuelako, botere erakustaldi bat egin nahi zuelako. Holakoak zoritxarrez, gizonezkoek egiten dituzte. Beste adibideak Portugalete edo Burlatan izan diren azken erailketak izan daitezke. Ildo berean kokatzen ditugu hiru kasu horiek.





Zenbat euskal preso daude Sara Majarenasen egoeran. Hots, amatasuna kartzelan bizitzen dutenak?



Gaur egun euskal preso politikoen artean hemeretzi bakartutik daude, baina horietan hamabi emakumeak dira. Emakume presoen kolektibo osoaren %63a egoera horretan dago. Dispertsioaren eraginez, emakume asko bakarrik daude kartzelan. Horietariko bat Sara da. 

Euskal presoek daukaten zigorrari, emakume izateak suposatzen duen zigorra gehitzen zaio. Jasotzen dugun indarkeria toki guztietan jasotzen dugu, oraingoan ere ikusi izan dugu. Bakartua eta dispertsatua izateak asko zailtzen du horri aurre egitea.



Gaur egun, ez dakit zenbatek duten umea haiekin. Berez hiru urte ukan arte ukan dezakete umea beraiekin. Adina bete eta, atera behar dute, ezin dute kartzelan bizi. Egia da amatasun eskubidea oso urratua dela kartzeletan. Hasteko, Estatu frantsesean preso bazaude, ezin zara ama izan. Ia kartzeleratua bazara semea edo alaba izanki bai, baina gero barnean egonda ez duzu ama izateko eskubidea. Ez dizute uzten eta horretarako ez dago aukerarik bisitetan. Bisitarako batzuetan ematen dira harreman sexualak baina kontrol handia dago. 



Estatu espainiarrean berez bai izan daitezke amak, baina baldintzak oso txarrak dira. Salatzen dituzten baldintzen artean esaten dute haurdunaldietan zehar behar bezain zaindua izateko ezintasuna dagoela. Erditzeak giro bortitz batean egiten direla. Erditzea eta gero, berehala itzultzen direla kartzelara, polizia enkaputxatuak eta armatuak dituzula denbora guztian zure ondoan eta instalazioak ere ez daudela egokituak. Muga asko daude Estatu espainiarrean. Amatasun eskubidea onartua den arren, eskubide hori oso urratua dago eta ez da beharrezko baldintzetan ematen. 





Sara Majarenas eta Izarren aldeko elkartasun uholde bat agertu da Euskal Herrian.





Nik uste dut oso baikorra izan dela Euskal Herrian eman zaion erantzuna, bai mugimendu feministatik, baita beste eragile sozialen aldetik ere. Orohar, herritarren aldetik. Mugimendu asko egon da, jendea asko antolatu da, agian lehen aldia delako indarkeria matxista kasu bat eta espetxea gurutzatu direla. Bi gai horiek asko mugitzen gaituzte. Biak uztartuta, hunkitua izan den jendea bikoitza izan da.

Nik uste salatu behar dela indarkeria matxista gune guztietan dela, kartzeletan ere. Emakume presoek ere jasaten dute eta erasotzaileak ere ez direla kanpotarrak edo… gizarteratze prozesu baten ondorioak dira. Gure hurbileko gizonek ere horrelako jarrera matxistak izan ditzazkete. Bide horretatik jarraitzea gure asmoa da. Indarkeria matxistak benetan lehentasunezko gai bat izan behar du berarekin amaitu nahi badugu.