Kazeta

Jon Palais Biziko militantea hobengabetu dute

Jon Palaisen alde jotzea erabaki dute epaileek. Urtarrilaren 9an Akizen iragan zen auzia eta gero, Biziko militantea hobengabetzea erabaki dute urtarrilaren 23an.

Jon Palais militantea Akizeko auzitegian. ©Bizi
Jon Palais militantea Akizeko auzitegian. ©Bizi

BNP Paribas bankuko aulki bat "bahitzeagatik" Jon Palais auziperatu zuten Akizen urtarrilaren 9an. Auzia iragan zen bitartean, jende andana bat bildu zen Biziko militantearen aldeko manifestazioan. Ekimena zerga ihesen kontrako aldarri bilakatu zen. Azkenean, epaileek Jon Palaisen aldeko epaia plazaratu dute urtarrilaren 23an. Militantea hobengabetzea erabaki du justiziak.

Urte hasierako auzian, prokuradoreak militantearen kontrako prozedura bertan behera uztea eskatu zuen. Hain zuzen, polizia judizialaren deialdia baliogabetzea eskatu zuen, akusatuak aulkiak beretzat hartzeko asmorik ez zuelako. Salaketa aurkeztu duen BNP Paribas bankuak, bere aldetik, kalte ordain gisa euro sinboliko bat galdegin zion Palaisi.

Alternatiba eta Attac France erakundeen aburuz, epaileen erabakiak "garaipen" bat irudikatu du. Alternatibaren iritziz, orain, "jujatu behar dena zerga ihesa da". Gisa berean, Amis de la Terre elkartearen ustez justiziak aulki bahitzaileen ekintzen "bidezkotasuna aitortu du".