Iurre BIDEGAIN

Villepenteko bi euskal presoak "printzipioz" lekuz aldatuko dituzte

Azaroaren 18az geroztik, Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiria Villepenteko espetxeko zigor ziegan daude. Beren kabuz sartzea erabaki dute zigor bera partekatzea ukatzeagatik. Clara Rouget bi euskal presoen abokatuak, "printzipioz", kartzelaz aldatuak izango direla azaldu du.

Elkarretaratzea egin zuten abenduaren 29an Bilboko Kontsulatu frantsesean. ©Argazki Press
Elkarretaratzea egin zuten abenduaren 29an Bilboko Kontsulatu frantsesean. ©Argazki Press

Villepenteko kartzelako zuzendaritzak ziega bera partekatzea agindu zien Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiriari. "Bizi baldintza duinen defentsan", bi euskal presoek agindua ukatu eta zigor ziegan sartzea erabaki zuten azaroaren 18an. Geroztik bertan segitzen dute, horrek dakarren baldintza "salagarriekin". Clara Rouget abokatuak bi euskal presoak lekuz aldatuko lituzketela erran du.

Uriarte eta Agirregabiria mitardean daudenez geroztik, Euskal Herrian beren elkartasunez hainbat ekimen antolatu dituzte. Hala nola, Estatu frantseseko Justizia Ministroari zuzendu gutun bidalketa prestatu dute.

Presoak zigor ziegan sartzen dituztelarik, zigor gisa, egun kopuru bat dago, gehienez. Hamalau egunekoa, hain zuzen. Zigorretan, baita leporatzen ahal dizkieten akatsetan ere graduak daude. Clara Rouget bi euskal presoen abokatuak biek pairatzen duten egoera "salagarria" dela azpimarratu du.

Zigor ziegan dituzten "baldintza gogorrak" deitoratu ditu. Hala nola, "ziega berotzeko arazoak eta batzuetan helarazten dieten janari hotza". "Mitardean badute minimo minimoa", erantsi du. Halaber, astean  bisita bakarra eta "motza" dute, eta behin baizik ez dute familia deitzen ahal. "Guztiz salagarria da bi hilabete pasatzea mitardean batez ere arrazoi horrengatik. Hau da, binaka izatea inposatzea", erantsi du.

Kartzela aldaketa

Villepenteko zuzendaritzaren aldetik inongo aterabiderik proposatu ez zitzaiela aipatu du. Ez da hitz egiteko borondaterik agertu. Ildo horretatik, Uriarte eta Agirregabiriaren leku aldaketa aterabide bakarra izan da.

Leku aldaketa gauzatzeko desmartxak egin dituztela iragarri du abokatuak. "Itxoiten dutena, orain, presondegi aldaketa da. Toki aldaketa burutuko da, printzipioz", azaldu du. Oraingoz, ez dakite nora eta noiz eramango dituzten. Haatik, "normalean bermatua izanen zaie ez direla bakartuak izanen". Hots, binaka izango direla edo beste euskal preso politikoekin batera.