Kazeta

"Easy" izan ez den auzia

Easy Jet sozietatea kondenatu du delituen auzitegiak. Diskriminazioagatik, 2.500 euro eman behar dizkio Ttotte Etxebesteri, eta 60.000 euroko isuna ezarri zaio.

Ttotte Etxebeste laguntzailerik gabe gurpil aulkidun batean zebilelako ez zuen onartu Easy Jet sozietateak bere hegazkinetako batean sartzea. Argazkia: Audrey Hoc.
Ttotte Etxebeste laguntzailerik gabe gurpil aulkidun batean zebilelako ez zuen onartu Easy Jet sozietateak bere hegazkinetako batean sartzea. Argazkia: Audrey Hoc.

Ttotte Etxebeste eta Easy Jet sozietatearen arteko auziari bere deliberoa eman dio delituen auzitegiak. Diskriminazioagatik, 60.000 euroko isuna jasan du Easy Jetek. Bere aldetik aldiz, kalte-ordainak eta bere defentsarako gastuak direla eta, sozietateak emaniko 2.500 euro jasoko ditu Ttotte Etxebestek.

Etxebesteren abokatua izan den Anne-Marie Mendiboure pozik agertu da delituen auzitegiaren erabakiarekin. Izan ere, zazpi urte bete dira Ttotte Etxebestek kereila jarri zuenaz geroztik. Afera oroitarazteko, 2010ean, aulki gurpildun batean laguntzarik gabe zebilenez, Easy Jet konpainiak ez zuen onartu Ttotte Etxebestek bere hegazkinetako bat har zezan.

Halakorik berriz gerta ez zedin auziperatu zuen Easy Jet sozietatea Etxebestek. Bere abokatuak gogorarazi duen bezala, antzeko kasuak izan ziren jadanik iraganean, eta dakitenez, diskriminazio hori pairatu duen azken pertsona da Totte Etxebeste. Gainera, beren satisfamenduan erabatekoa da, zeren eta hegazkin sozietateak ez bailuke errekurtsorik aurkeztuko.