Xan Idiart

Nafarroako zoko bat Baionako Euskal Museoan

Otsailaren 16ra arte, Juan Carlos Pikabea Zubiri lesakar artistaren "Nafarroa: pasaiak eta ohiturak" izeneko erakusketa bisita daiteke.

Juan Carlos Pikabea Zubiri margotzen ari. ©Euskal Museoa
Juan Carlos Pikabea Zubiri margotzen ari. ©Euskal Museoa

Erakusketaren izenak aditzera ematen duen bezala, Nafarroako paisaiak eta ohiturak begizta daitezke Euskal Museoan otsailaren 16ra arte. Hain zuzen ere, herenegun estreinatu zuten erakusketa, Juan Carlos Pikabea Zubiri egilearen presentzian. Erakusketa zabalik dago museoko beherean, eta adin guztietako pertsonak hartaratzen ahal dira.

Orotara, hogeita hamalau artelan erakusgai daude esposizioan. Arizkunetik pasatuz, Otsagabiako dantzari bati erreparatuz, edo Iruñeko Gazteluko plazan geldituz, bere osotasunean agertzen zaigu Nafarroa. Hala nola, gaur ezaguna zaigun probintziaz gain, Baxe Nafarroako paisaiak gozatzeko parada baduke bisitariak. Ez da harritzekoa orduan, Donibane Garaziko inguruak Berako San Miguel zubia edo Lantzeko inauteriekin nahasten baldin badira.

Horrez gain, historia berrikasteko haitzaki ona da erakusketa hau. Izan ere, Txingudi eta Hondarribia agertzen zaizkigu obren artean. Hori dela eta, Gipuzkoa dela aldarrikatuko duenari, aspaldiko garai batean Nafarroako erresuma Hondarribiraino zihoala erantzun beharko zaio, eta ondikotz Gipuzkoako paisaiak ere zergatik ikus daitezkeen ulertzen da.

Nafarroako bizi alaitsua

Euskal Museoko zuzendaria den Rafael Zulaikaren erranetan, inpresionismoa da Juan Carlos Pikabea Zubiri gehien definitzen duen ezaguera. Margotzen diren inguruneak beti baikorrak dira, zeruaren urdina, mendien berdea, etxeko teilatuen gorria edo dantzarien multikoloretasuna, hainbat faktore dira Nafarroako bizia alaitsua dela erakusten dutenak.

Erakusketa hori Baionako Euskal Museoan izatea, museo bera zein artistaren hautua izan da. Jakin behar da artelan horiek jadanik Lesakan eta Iruñean aurkeztu zituela Juan Carlos Pikabea Zubirik, baina Euskal Museora joateko griña zetxikan aspalditik bihotz barnean. Horregatik, lehengo eta gaurko Nafarroak irudikatzen dituzten paisaiez gain, Baionako karrika bat ere margotu du artistak, baionarrari bisita inplizitua sortzeko asmoz nolabait.

Juan Carlos Pikabea Zubiri Lesakan sortu zen 1964ean. Hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea du jadanik pinturaren munduan. Pikabearen margolanek bere arima zabaltzen dutela, eta paisaiaren bidez proiektatzen dutela bere sentimendua erran zuen Artearen Historian doktore den Asuncion Domeñok. Besteak beste, Bilbon, Zaragozan, edo Madrilen aurkeztu ditu jadanik bere obrak lesakar artistak.