Idoia ERASO
Elkarrizketa
XANO HALSOUET
KANTARI ETA MUSIKARIA

"Kantuek pertsonalitatea ematen diote musikari"

Barkalari gisa bost disko atera ondoren, 2016an xanOlive taldea sortu zuen Matthieu Harambourerekin eta Emc Apaizgoarekin batera. Beren proiektua aurkeztuko dute urtarrilaren 21ean Oiartzunen. KAZETAk sare sozialetan antolatu duen zozketaren bidez sarrerak eskuratzeko parada eskaini du.

Halsouet urruñarra King Mafrundi taldean aritu zen. ©Isabelle Miquelestorena
Halsouet urruñarra King Mafrundi taldean aritu zen. ©Isabelle Miquelestorena

xanOlive taldea sortu zenetik Lapurdin zehar aritu da, eta urtarrilaren 21ean Oiartzungo Pagoa kafe antzokira egingo dute salto. Kantu zaharrak bertsionatuz eta berriak sortuz etengabe garatzen den proiektua aurkezten ari dira zuzenekoetan.

Urteetan oholtza gainera igo gabe egon ondoren xanOlive-rekin kontzertu andana ematen ari zara. Zein izan da aldaketa horren arrazoia?

Nire gogoak segitzen ditut. King Mafrundirekin izan nintzen azkenengoz zuzenean, gero kolaborazioak egin ditut artista batzuekin zuzenekoan lagunduz. Bestalde, estudio bat egin nuen nire konposizioak egiteko, eta hainbat artistek galdetu zidaten ea grabatuko nituen, eta ari naiz beraien grabazioak egiten.

Justuki artista horiekin mintzatuz, eta horiek zuzenean ari zirela ikusiz, aipatu nuen Emc Apaizgoarekin eta Matthieu Harambourerekin ea zergatik ez genuen guk ere egiten, eta horrela hasi ginen, lagun artean.

Nola osatu duzue errepertorioa?

Agertokiak utzi nituenetik bost disko atera ditut, Emc Apaizgoarekin eta Matthieurekin hautatu ditugu gustukoenak.

Eta bi taldekideek ze ekarpen egiten dute?

Kantuak existitzen dira, baina beraiek beren pertsonalitatea ematen diote musikari. Matthieuk gitarra pala joz bere jakituria zabaltzen du, nik sortutako lineak aberasten ditu.

Manuk gehitzen ditu bere estiloko sintetizadoreak, bera musikaria eta melomanoa da, musika anitz entzuten du, bereziki elektronikoa.

Ze aurki daiteke kantuotan?

Galdera anitz, erantzunik gabe. Galdera existentzialak gehienak, gizaki izanik nola bizi naizen Euskal Herrian, edo munduan bizi den gizaki bat bezala, esaterako. Batzuetan erantzunak ematen ditut, baina nireak, pertsonalak. Gaztea nintzenean irratia anitz entzuten nuen eta on egiten zidan artistak gauza batzuk aipatzen entzuteak, eta erraten zuten horretan nik neure burua errekonozitzeak. Orain nire txanda da. Entseatzen naiz eguneroko bizitzan aipatzen ez diren gaiak aipatzen, poza, sufrimendua, lurrari atxikimendua…

Euskal Herrian bizitzen ahal dugun bikoiztasuna ere aipatzen dut, bi kultura, bi hizkuntza. Nik sufritu dut sobera euskaldun izatea frantses batentzat, eta sobera frantsesa euskaldun batentzat. Horrek kezkatu nau anitz: zergatik hain bortitz izaten ahal den euskaldun izatea hemen. Badirudi desarranjatzen dugula, hortakotz betidanik euskaraz kantatu dut. Orain, aldiz, frantsesa ere sartzen dut, asumitzen baitut nire frantses kultura ere.

Entseatzen naiz nire pertsonalitateari hurbil izaten, ahal bezain zintzo. Horrek lekukotasun bat sortzen du, trukaketa bat da entzulearekin. Eta kantu berrietan gero eta gehiago aipatzen ditut munduan gertatzen direnak ere, aktualitatea.

"xanOlive"-k zer esan nahi du?

Xano Live, Xano Zuzenean, aspaldiko partez, eta gero hitz joko bat da 'o' hori tartekatuz, eta 'olive' (oliba) sortzen da. Hor umorea sartzen da, maite dut gauza sakonez mintzatzea, gauza existentzialez, baina beti entseatzen naiz umorea sartzen arinki pasatzeko.

Taldearen irudian ere ikusten da oliba hori.

Komunikazio arduradunek lan polita egin dute alde horretatik, Rene Magritten pintura batean inspiratua da, oliba bat agertzen da nire buruaren ordez.