Kazeta

Neguko hotz plana indartu du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Azken egunetako euriteen ondoren, tenperatura apalak nagusituko dira Euskal Herrian. Hori dela eta, Pirinio Atlantikoetako prefeta den Eric Morvanek neguko hotz plana bigarren mailara igotzea erabaki du.

Hotza ez da oztopo korrika egiteko. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Hotza ez da oztopo korrika egiteko. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Abenduaren 16an uholdeak protagonistak izan eta, biharamunean izotzak lekukoa hartuko du. Pirinio Atlantikoetako prefekturak azaldu duenez -5° eta -10° bitarteko tenperaturak aurreikusi dituzte gauerako. Eric Morvan prefetak neguko hotz plana bigarren mailara pasatzea erabaki du: "Hotz handia" deiturikoa.

Erabakiaren eraginez, abenduaren 1etik plantan ezarriak diren neurriak indartu ditu. Hala nola, Baionan, aterpe gabeko pertsonei zuzenduriko guneetan toki gehigarriak eskainiko zaizkie. Gurutze Gorriko laguntzaileek harrera ziurtatuko dute. Halaber, gune horiek ordutegiak zabaltzeko aukera dute.

Agiri baten bidez prefekturak oroitarazi duenez, aterperik gabeko pertsona oro lagundua izan daiteke. Horretarako, 115 zenbakira deitu behar da. "Norberaren zaintza beharrezkoa da", erantsi du.

Nafarroa eta Gipuzkoan

Nafarroan alerta laranja ezarri dute Pirinioetan, termometroak zero azpitik hamar gradu markatzera ailegatuko dira eta. Erdialdean, aldiz, alerta horia izango da, zero azpiko sei graduko tenperaturarekin. Haizea dela eta, abisu horia ezarri dute 70 eta 90 kilometro orduko haize boladen eraginez.

Gipuzkoan ere espero dira tenperatura oso baxuak eta alerta horian aurkitzen dira. Araban, bestetik, hainbat errepide hetsiak daude, luizi eta ur putzuen ondorioz.

Eguraldiari buruzko informazio guzia hemen.