Kazeta

"Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagaia izatea erabaki dut"

Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagaitza iragarri du Jean-René Etchegarayk. "Egitasmoaren arrakastarako beharrezkoa den" batasunaren aldeko apustua egin du.

Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza eta Hautetsien kontseiluko eta Gidaritzako presidentea. © Isabelle Miquelestorena
Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza eta Hautetsien kontseiluko eta Gidaritzako presidentea. © Isabelle Miquelestorena

Zalantzak argitu ditu Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza, Hautetsien kontseiluko eta Gidaritza batzordeko lehendakariak. Euskal Elkargoko Kontseilu Komunitarioaren lehen biltzarra urtarrilaren 23an iragan baino lehen, lurralde kolektibitate berriaren lehendakaritzarako bere hautagaitza iragarri du.

"Luzaz" hausnartu duela nabarmendu du. Euskal Herriko aitorpenaren aldeko engaiamendua aspaldikoa dela nabarmendu du Etchegarayk. Engaiamendu horrek gidatuta, azkarki parte hartu du herri elkargoaren prestaketetan. Presidenterako hautagaia izatea beste etapa bat dela uste du. Baina, egituraketa lanetan nagusitu den konfiantza giroak aitzin pausu hori ematea lagundu diola azpimarratu du.

"Auzapezen deialdiari erantzun diot ere. Horiek egitasmoaren arrakasta ekarriko duen batasuna eraiki dezakedala uste dute", azaldu du hautagaiak. Hautu hori hartu eta, "lasai" sentitzen dela aitortu du. Oraingoz, ez du inork gehiago aurkeztu bere burua postuarentzat. Haatik, Etchagarayk aipatu duenez, Kontseilu komunitarioko edozein kidek bere burua aurkeztu dezake. "Azken mementoan izan daiteke. Ikusiko dugu. Demokraziak edozein hautagaitza bidezkoa izan daitekeela dio", gehitu du.

Elkarrekin eraiki

Elkargo bakarraren kontra daudenekin izandako eztabaidak alde batera utzita, "batasuna" nagusitu behar dela dio auzapezak. " Iraganeko jarreretaz gain, sinetsi nahi dut denek batera etorkizuna eraikitzeko gai izanen garela. Demokraziaren ohorea da", azaldu du.

Euskal Elkargoaren etorkizuna sortuko diren instantzien araberakoa izanen dela pentsatzen du Etchegarayk. Hain zuzen, Kontseilu Komunitarioak lehen batzarra antolatuko du urtarrilaren 23an, eta beste instantzia erabakitzaile eta betearazleak otsailaren 4ean. "2017ko urtea 158 herriak eta 300.000 biztanle baino gehiago batuko dituen erakundea plantan ezartzeko erabiliko dugu", erran du.

Hautagaiaren aburuz, prestaketa bilkuren ildoak kontutan hartu eta, arlo anitzetan norabide garrantzitsuak hautatuko dituztela uste du. Hala nola, ekonomian, turismoan, goi mailako irakaskuntzan, hizkuntz politikan, laborantzan, mugaz-gaindiko harremanetan eta mugikortasunean.