Kazeta

Bake prozesuaren gaia Senadura eraman du Jean-Jacques Lasserrek

Jean-Jacques Lasserre Senatariak Euskal Herriko bake prozesuaren gaia Senatura eraman du urtarrilaren 17an. Bruno Le Rouxren erantzuna jaso ondoren, bere erantzuna honakoa izan da: "ez naiz satisfos gelditzen".

Jean-Jacques Lasserre. © Isabelle Miquelestorena
Jean-Jacques Lasserre. © Isabelle Miquelestorena

Jean-Jacques Lasserre Senataria eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluko lehendakariak Euskal Herriko egoera oroitarazteko hitza hartu du Senatuan. Lasserrek Luhusoko operazioak agerian utzitakoa azpimarratu du. Hots, "militante baketsuak ETAren armategia desegiteko engaiatu" zirela. "Gertakari horiek Estatu frantsesak negoziazioak abiatzeko duen inplikazioaren ukazioaren ondorioak dira", aipatu du Lasserrek.

2011tik bake prozesua martxan dagoela eta tokiko hautetsiak "azkarki engaiatuak" direla nabarmendu dio Bruno Le Roux Barne Ministroari. "Estatu frantsesaren engaiamendu ezak kudeatzen ahalko ez diren garapenak, bakearen bilaketaren andeatzea eta ardura gabeko galtze historikoa eragingo du", azpimarratu du.

Lehendakariak iragan abenduaren 20ean Barne Ministroari gutun bat bidali zion bilkura bat eskatzeko. Gaur egun arte erantzunik jaso ez duela erran dio. Bi Estatuen artean armagabetzeari eta euskal presoei buruz eztabaidarako baldintzak sortzea eskatu dio Ministroari. 

"Ez dugu elkarlana geldituko"

Le Rouxk bake prozesua "aldebakarrekoa" dela ohartarazi dio Lasserri. Iragan astean Parisen Juan Ignacio Zoido Barne Ministro espainiarrarekin izandako bilkura oroitarazi dio. Topaketan, bi estatuen arteko elkarlana aipatzeaz gain, "Estatu frantsesean ETAren materiala gordetzen dituzten zuloekin bukatu" behar dutela berretsi zuten.

"Presoen gaia aipatzen denean, ehunka hil aipatzen ditugu ere: militarrak, poliziak, herritarrak... Horiei buruz kontuak eman beharko dituzte. Ez da posible gizarte zibileko kideak bi Estatuen borondatearen artean kokatzea arma horiek suntsitzeko. Hori justiziaren esku izan behar da", erantzun dio.

Le Rouxk Pariseko Terrorismoaren kontrako erakundea eta Audientzia Nazionalaren arteko elkarlana "zoriondu" du. "Ez dugu elkarlana geldituko. Ez gara geldituko luzaz atentatuak burutu dituztenek armak, lehergailuak eta munizioak non dauden errango duten arte", esplikatu du Ministroak.