Kazeta

Aitak erasotu ondoren, larri baina egonkor dago Sara Majarenasen alaba

Sara Majarenas euskal presoaren bikote ohia bi urteko alaba hiltzen entseatu da asteburuan. Bi aldiz operatu ondoren, larri baino egonkor dago haurra. Hainbat erakundek, hala nola Aitzina mugimenduak, Majarenasen askatasuna fermuki aldarrikatu dute.

Donostiako Herriko Etxeak antolatu duen elkarretaratze isilaren irudia. (@ehbildu)
Donostiako Herriko Etxeak antolatu duen elkarretaratze isilaren irudia. (@ehbildu)

Izar, Sara Majarenas euskal presoaren alaba, egonkor dago bere aitak larriki zauritu ondoren. Asteburua elkarrekin pasa zuten baimen bat baliatua. Aitak erasoaren egilea dela aitortu ondoren, polizia etxera joan eta haurra gela batean topatu zuen. Izarrek bi labankada ditu, bat toraxean eta bestea bizkarrean. Bi ebakuntza egin dizkiote eta geroztik ospitalean dago. 49 urteko gizona atxilotu dute.

Sara Majarenas euskal preso donostiarrak hamahiru urteko kondena jaso zuen 2007an. 2015. urtetik Picassenteko (Valentzia) kartzelan dago, Euskal Herritik 540 kilometrotara. Izar bere amarekin bizi da espetxean. Martxoan hiru urte beteko ditu beraz kartzelatik kanpo bizi beharko du.

Majarenasek 2018ko apirilean aske geratuko da kondena osoa bete eta. Azpimarratzekoa da, lege arruntaren arabera aske geratzen ahalko litzatekeela, zigorraren hiru laurdena bete duelako. Ildo horretatik, EH Bildu eta Sortuk bere askatasuna aldarrikatu dute. "Egoera honek agerian uzten du bestalde, egun, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legediarekin amaitzeko premia", nabarmendu du Sortuk.

Ipar Euskal Herririk ere amaren askatasuna fermuki galdegin du Aitzina gazte mugimenduak:

 

Etxeratek bere sostengua eta elkartasuna helarazi die euskal presoari eta bere senideei. "Ez da zaila irudikatzea senideek pairatutako larritasuna, mina eta ezintasuna 600 kilometro horiek zeharkatzean. Ez da zaila irudikatzea nola pairatzen den ziega barruan horrelako egoera lazgarri bat, etengabeko oztopo burokratiko konpontzen orduak eman beharra, egoera larri horretan bere alabaren ondoan egon beharrean", erantsi du elkarteak Donostian antolatu duen agerraldian.

Mobilizazioak Euskal Herrian

Emakumeen Mundu Martxak kontzentrazioa deitu du urtarrilaren 17an 19.30etan Donostiako Bulebarrean Sara Majarenas euskal presoaren alabaren kontrako erasoa salatzeko. Indarkeria sexista kasua dela nabarmendu eta dispertsio politikaren ondorio kaltegarriak ere salatu ditu.

"Indarkeria sexistak dimentsio anitz badituela adierazten dugu eta baita haurren kontrako bortizkeria sexistak ere: eraso fisikoak, psikologikoak, arduragabekeria fisikoa eta emozionala eta sexu ­abusuak. Egoera lazgarri horietako bat da zuzeneko indarkeria, eta horren muturreko adibide dugu Valentzian, dispertsioaren ondorioz dagoen Sara Majarenas euskal presoaren alabaren aurka haren bikotekide ohiak egindakoa", azpimarratu du.

Gisa berean, Donostiako Herriko Etxeak ere elkarretaratze isila burutu du 12.00etan. Ekimenean Eneko Goia Donostiako auzapezak Majarenas Martuteneko kartzelara lekuz aldatzea eskatu du. Hain zuzen, Estatu espainiarreko Espetxe erakudeari idazteko asmoa duela azaldu du. Herriko Etxeak deituriko elkarretaratzean EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Irabazi alderdiko hautetsiek parte hartu dute.