Kazeta

Milaka erhi altxatuko dira Bilbon

"Milaka eta milaka hatz salatzailek Bilbo erdialdea hartuko dutela espero dugu", adierazi du presoen aldeko Sare mugimenduak larunbata honetan. Mobilizaziora batu ez diren alderdi eta instituzioei pankarta eramango duten pertsonen jatorri anitzari begiratzeko eskatu diete. KAZETA.EUSek manifestaldiaren zuzeneko emanaldia eskainiko du, Naiz plataformari esker.

Joseba Azkarraga eta Ainhoa Azkaratek aurkeztu dituzte Bilboko manifestaldiko azken informazioak. © ARGAZKI PRESS
Joseba Azkarraga eta Ainhoa Azkaratek aurkeztu dituzte Bilboko manifestaldiko azken informazioak. © ARGAZKI PRESS

Larunbata honetan, urtarrilaren 14ean, Bilboko karrikek Sarek deitutako mobilizazioa hartuko dute, eta Bego Atxak eta Joseba Azkarragak mobilizazioaren azken xehetasunak eman zituzten atzo bizkaitar hiriburuan egin zuten agerraldian. "Aurten, aurpegi eta sentsibilitate berriak gehitzea lortu dugu. Horregatik, milaka eta milaka hatz salatzailek Bilbo erdialdea hartuko dutela espero dugu, eta beraz, baikorrak gara", adierazi dute.

Jende kopururuari begira "aurreikuspen onak" dituztela nabarmendu dute. "Baina tamalez, badira batzuk bere hutsegitea arrazoitzeko, deialdiaren izaera zabala zalantzan ipintzeko gai izan direnak", gehitu du. Gogoratu behar da Lakuak, EAJk, eta Elkarrekin Podemosek, besteak beste, uko egin diotela instituzio edo alderdi gisa parte hartzeari.

Sareren iritziz, "pankartaren osaketak bakarrik adierazten duena, eta hainbat lan alorretatik deialdiarekiko babesa adierazi duten 100 pertsonen izaerak, nahikoa behar lukete" ekimena zalantzan ez jartzeko.

Atxa eta Azkarragaz gain, pankarta talde anitz batek eramanen du. Elisabete Bizkarralegorra abokatua, Edurne Brouard GALen biktima, Gentzane Callejo larriki gaixo dagoen Jagoba Codo presoaren senidea, Mertxe Galdos preso ohia, Unai Iturriaga bertsolaria, Alice Leiciagueçahar Bagoazeko kidea, Alaia Martin bertsolaria, Xabier Morras margolaria, Juan Mari Olano preso ohia, Rosa Rodero ETAren biktima eta Ramon Zallo EHUko komunikazio katedraduna ere izanen dira mobilizazioaren buruan. Amaierako dokumentuaren irakurketa Nerea Alias eta Andoni Aizpuru telebista aurkezleen esku egonen da.

Horiek denak eta gehiago Naiz plataformari esker KAZETA.EUSek eskainiko duen zuzeneko jarraipenean ikusten ahalko dira.