Zifra onak erakusgai Euskal Museoko kontuetan

60.000 bisitari baino gehiago izan ziren iaz Baionako euskal museoan. Museoaren emaitza onena da 1924ean zabalu zenetik.

 

Xan IDIART|2017/01/11 17:25|0 iruzkin
Med_2017_euskal_museoa_prentsaurrekoa_baiona_imiquelestorena03
Yves Ugalde, Jean-Claude Larronde, eta Rafael Zulaika 2016ko hantatzea goraipatu dute. © Isabelle MIQUELESTORENA

Pozik azaldu dira Euskal Museoko kideak gaur goizean eginiko prentsaurrekoan. Hain zuzen ere, inoizko bisitari gehien ukan dituen urtea izan da 2016koa. 61.275 pertsonek bisitatu zuten Euskal Museoa iaz, erran nahi baita 2015ean baino %30,5 bisitari gehiago. Alta, 2015eko urtea miresgarria izan zen jadanik museoarentzat, %24,5 bisitari gehiagorekin, baina joan den urteko hantatzeak ezustean harrapatu zituen Euskal Museoko kideak.

Yves Ugalde, Baionako kultura arloko axuanta eta museoko lehendakari ordea, Jean-Claude Larronde lehendakaria, eta museoko zuzendaria den Rafael Zulaikak arrakasta horren arrazoiak eman dituzte. Lehenik eta behin, Baionako hiri barnearen dinamika sustatu izana azpimarratu dute. Yves Ugalderen erranetan, egitasmo berriak ez dira bakarrik periferian obratu behar. Feita hori argi eta garbi utzi dute : hiri barnea dinamikoa deno, Euskal Museoak bisitariak ukanen ditu.

Joan den urteko erakustaldiei dagokienez, ekaina iraila bitarteko "1660 Pirinioetako Hitzarmena"-k 34.541 bisitari etorrarazi zituen orotara, aitzineko urtearen aldean %64ko gorakada delarik. Oroitarazi behar da erakusketa hori Baionaratu zela Donostia 2016 Europako kultur hiriburu gertakariari esker, eta Baionako Euskal Museoaren bisita kopurua, Donostiako San Telmokoaren tamainakoa izan dela.

Azken hiruhilekoan, 9.824 bisitari hurbildu ziren "Aitzin gero... Baiona", eta Charles Fréger-en "La Suite Basque" argazki erakusketen ikustera. Horiez gain, azaroa eta abendua artean hogeita hamar jardunaldi izan ziren, besteak beste hitzaldi eta kontzertuak. Bestalde, ondarearen egunean, 3.000 pertsona agertu ziren asteburuan.

2017ko egitaraua

2016ko bide berean segitu nahirik, prentsaurrekoaz baliatu dira Euskal Museoaren 2017ko programa aurkezteko, eta horren gauzatzeko eginbideak azaldu dituze. Euskal Herriko barnealdeari buruzko lehen/orain erakusketaz gain, Brana eskolarekin Jean-Pierre Branaren inguruko lan bat aurkeztuko da.

Bestalde, Biarritzeko herriko etxearekin batera Ramiro Arrueri buruzko elkarlan bat eramateko asmoa adierazi dute. Bestalde, urtero bezala Baionako bestetako afixa aukeratzeko lehiaketa iraganen da. Baina hori baino lehen, urtarrilaren 17an Juan Carlos Pikabea Zubiri margolari nafarraren erakusketaren estreinaldia iraganen da.

Aurten, museoaren ezaugarririk nagusiena anbizioa izanen dela iragarri dute. Hala nola, Nanteseko Historia Museoan dagoen "Tromelineko ahazturiko esklaboak" izeneko erakusketa mugikorra errezebituko du. 1761ean L'Utile itsasontzia abian zen Baionako portutik, eta Frantziako uhartean (gaurko Maurice uhartea) gelditu ondoren, 160 madagaskartar hartu eta zenbait egun berantago Tromelineko uhartea jo zuen. Izan ere, gertakari horrek oihartzun handia du Euskal Herrian, zeren eta L'Utile itsasontzia Baionan eraikia izan baitzen. Horregatik, Euskal Museoan izanen den erakusketak garrantzi handia emanen dio itsasontziari.

Eresoinka

Horrez gain, Donostia 2016 karietara muntatu zen Eresoinkaren inguruko erakusketa aurkeztuko dute. Izan ere, euskal errefuxiatuz osaturiko abesbatzaren historiaren errepasoa eginen du erakusketak, eta garaian egin zuten nazioarteko biraz harrituko da bisitaria. Argazkietan azaltzen diren irribarreak ez dira irribarre faltsuak. Abentura handia izan zen Eresoinkarena, musikaz eta zorionez beterik.

Ondikotz, musikazaleak garaiko grabaketak entzuteko parada ezinbestekoa ukanen du. Horien artean, "Haurtxo txikia" sehaska kantuan entzun daitekeen Pepita Embilen, Placido Domingoren amaren, zilarrezko ahotsa nabermentzen da, dudarik gabe.

Hitzordu hutsezinak izanen dira orduan Euskal Museoan 2017ko urte honetan. Gainera, are erakargarriago izateko, interakzio gehiago plantan ezarriko dituztela adierazi dute arduradunek. Horregatik, informatika baliatuko dute, erran nahi baita multimedia asko interaktibitatea akuilatuz. Bestalde, erakusketak diruztatzeko eta ahalbidetzeko manerak aipatu dituzte. Enpresekin biltzeko asmoa agerrarazi dute horrentzat, baina deus ez dela hasia oraindik gogorazi dute.