Kazeta

Europar Parlamentuan, larriki eri diren presoen alde babes bila

Orain bi urte egindako bidaiaren ondoren, egun hauetan berriz Bruselara joan dira Etxerateko hainbat kide eta eritasun larriak dituzten presoen senideak hauen egoera jakitera eman eta Europar Parlamentuko ordezkariei engaiamendu berriak eskatzeko asmoz.

Etxerateko ordezkaritza EFAkoarekin elkartu da Bruxellan. © EFA
Etxerateko ordezkaritza EFAkoarekin elkartu da Bruxellan. © EFA

Asteartean Biarritzen hegazkina hartu ondoren, Etxeraten ordezkaritza bat Europar Parlamentuan da egun hauetan. Bertako hainbat talderekin elkartzeko asmoz, bereziki, larriki eri diren presoen egoera aurkezteko.

Lehen egunean, Euskal Herrian bake prozesua laguntzeko sortu den Frienship taldeko ordezkariekin mintzatu ziren. Goiz honetan, Aralar eta Eusko Alkartasuna barne dituen European Free Alliance taldeko kideekin segitu dute, horien artean François Alfonsi eurodiputatu korsikarra. Ondoren, Alderdi demokrata europar katalaneko (PDeCAT) ordezkariak izan dituzte mintzakide.

Orain dela bi urte ere Bruselan izan ziren presoen senideak eta joan den urteko otsailean europarlamentari talde bat etorri zen Euskal Herrira Etxeratek helarazitako informazioa bertako alderdi politiko eta eragileekin alderatzeko. Bilkura horietatik sortutako kezka nagusia eri diren presoen ingurukoa izan zen.

"Egunez egun, berez delikatua den haien osasunak okerrera nola egiten duen ikusten dugu. Haien osasunaren eskubidearen gainetik, espetxe politika berezi eta gogor baten bizi baldintzak daudela ikusten dugu. Hobera joateko edota gaixotasuna geldiarazteko aukerak tratamendu eta mediku jarraipen egokiak lortzeko zailtasunengatik oztopatuak dira", ohartarazi dute Urtzi Errazkinek eta Patricia Velezek prentsaurreko batean.

Hala, eritasun larri eta sendaezinak dituzten hamaika euskal presoren egoera mahai gainean jarri nahi dute Bruselan bilkuretan parte hartuko duten senideek eta Etxerateko kideek. "Egoera larria da, ez soilik kaltetuentzat, baizik eta haien senide eta lagun guztientzat. Bitartean, gaixotasunak aurrera darrai, eta kasu berriekin handitzen ari den zerrenda gobernu espainiar eta giza eskubideek duten balio eskasaren isla dira", adierazi dute. "Horrek Europako erakundera berriz jotzera eraman gaitu. Egoeraren eta ondorioen irismena azaldu nahi diegu europarlamentariei, eta konpromiso berriak eskuratu", gaineratu dute.