Kazeta

Kabalkada aurkezteko mintzaldi bat antolatuko dute Urruñan

Euskal mitologiari buruzko mintzaldi bat antolatuko dute Urruñan urtarrilaren 18an. Gai horren inguruan duten kabalkada proiektuaren berri emateko baliatuko dute data hori Berttoli elkartekoek.

Urruñako kabalkada.
Urruñako kabalkada.

Abuztuaren 26an, basajaun eta hainbat izaki mitologikoren jantziez beztituko dira urruñarrak. Hain zuzen ere, mitologia iturri harturik kabalkada bat muntatzeko asmoa adierazi dute Berttoli elkarteko kideek. Horretarako, aitzin lana hasi dute jadanik, eta heldu den urtarrilaren 18an, Joseba Aurkenerena Barandiaranek euskal mitologiari buruz eskainiko duen mintzaldia gozatzeko aukera izanen da, ondotik, elkartearen egitasmo eta helburuak zehaztuko dituztelarik.

Duela hiru urte ez bezala, kabalkada bat bakarrik izanen da (2014ean kabalkada-zintzarrotsak antolatu zituzten) eta aurtengo berezitasuna gaiaren hautuan datza. Jadanik 120 lagun inguruk eman dute izena proiektuan parte hartzeko, eta kabalkada urruñar guziei zabaldua zaiela jakinarazi dute antolatzaileek.

Ikusgarria ez da plazan soilik iraganen beraz, kabalkadaren printzipioak ahalbidetzen duen bezala, plazara joan aurretik, karrikaz-karrika ibiliko baitira lehenik sorginak, tartaro, eta gure arbasoen irudimenetik jalgitako beste izaki miresgarriak. Egitasmoan parte hartu nahi, edo euskal mitologiaz gehiago jakin nahi duena, urtarrilaren 18an Urruñako plazako posta gelan, arratseko 8etan eginen duten bilkura horretara joaten ahalko da.