Euskal Trails: izena emateko lasterka

Euskal Trails aurtengo lasterketetan parte hartzeko izen emateak ideki edo idekitzen ari dira. Azken urtetakoen arrakastari begiratuz, izena lehenbailehen ematea komeni da.

Kazeta|2017/01/10 16:35|0 iruzkin
20160709_ehunmilak
Hotzak Euskal Trails lasterketako parte hartzaileak hartu zituen iazko edizioan.

2017an iraganen diren Euskal Trails lasterketetan parte hartzeko izen emateak idekitzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Joan den larunbatetik goiti jadanik, Ultra Trail lehiatzeko eskaera egin daiteke, baina bostehun toki baizik ez zirela izanen iragarri dute antolatzaileek. Bihar berriz, hirurehun taldek arratsaldeko bietatik at izena ematen ahalko dute Euskal Trail lasterketarentzat. Larunbatean aldiz, beste bi lasterketetan esku hartzeko ahalmena ukanen du kirolzaleak : Iluna Trail eta Neska Trail, hor ere bietatik aitzina berrehun talderentzat.

Lasterketa horiek gero eta arrakasta handiagoa dute. Izan ere, joan den urtean Trail Gourmand korrikan parte hartzeko toki guztiak oren bakar batez joan ziren. Euskal Trail lasterketarenak aldiz, egun bat eta erdiren buruan hartuak izan ziren. Hori jakinda, entrenamendu gisa edo, izenaren ematera lasterka joatea komeni zaio parte hartu nahi duenari. Bestalde, mediku agiri bat erakutsi behar zaie antolatzaileei. Xehetasun guztiak hemen aurki daitezke.