Kazeta

Barne Ministroak elkarlanaz kontent

Parisen topatu dira Bruno Le Roux eta Juan Ignacio Zoido Barne Ministroak. ETAren kontrako elkarlana izan dute, besteak beste, mintzagai.

Bi Estatuetako poliziek parte hartu zuten Luhusoko operazioan. © Bob EDME
Bi Estatuetako poliziek parte hartu zuten Luhusoko operazioan. © Bob EDME

Juan Ignacio Zoido eta Bruno Le Roux, espainiar eta frantziar Estatuetako Barne Ministroak, lehen aldiz elkartu dira kargua hartu zutenetik. Parisen egindako bilkuran, ETA izan dute elkarrizketaren ardatz nagusi eta honen aurkako "elkarlana" goraipatu dute.

Luhusoko gertakariak pasa eta hilabete bat beranduago, Zoidok "elkarlanak argitu gabeko hainbat kasuetarako" duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta Guardia Zibilak eta frantziar Poliziak elkarrekin egin dituzten operazioak nabarmendu ditu. "Erabateko desarmea" ezarri du Le Rouxek lehen helburu gisa, eta horretarako "erabili duten arma eta munizio guzia gureganatu behar dugu", gehitu du.

Bestetik, yihadismoa ere izan dute mintzagai. "Ziur nago elkarrekin, mehatxu honi aurre egingo diogula", gehitu du Zoidok. Narkotrafikoaren inguruan, aldiz, bi Estatuek egingo duten bileran akordio orokor bat sinatzea hobetsi dute.

Errefuxiatu eta migratzaileak ere ez dituzte ahantzi, Europar Batasunaren kanpo mugak "indartu" behar direla adieraziz. "Benetako Marshall plan bat egin behar dugu Europatik Afrikarentzako", esan du Zoidok.