Kazeta

Laborantzak hiri aldean ere segi dezan

Gelditzen diren lurrak salbatzeko, eta hiriko laborantza sustatzeko, bide orri bat eraiki du Euskal Herri elkargoak.

Euskal Herri elkargoak laborantza biologikoa proposatzen duen Biharko Lurraren Elkartearekin lan egin du
Euskal Herri elkargoak laborantza biologikoa proposatzen duen Biharko Lurraren Elkartearekin lan egin du

Laborantzako lurraren egoera kezkagarria da Euskal Kosta-Aturri hirigune ohian. Izan ere, laborantza eremu erabilgarriaren hiru laurdena galdu da 1970etik hona. 2000a eta 2010en artean adibidez, 600 hektare desagertu dira, artifizializazioren mesedetan maiz. Galdera garrantzitsua da orduan: etxe eta garraiobideen merkatuaren lurrak eskuratzeko tendentziari nola aurre egin, jakinez Euskal Aturri-Kostaldeko laborarien erdia segidarik gabeko berrogeita hamar urte baino gehiagokoa delarik.

Gelditzen diren 445 laborantzako lur hektareak salbatzeko, hiriko laborantzaren aldeko plangintza bat plantan ezarri du orduan herriarteko elkargoak. Lehenik eta behin, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Biharko Lurraren Elkartea eta SOLAGROren laguntzarekin, 2014 eta 2015en arteko laborantza egoerari buruzko inkesta bat eraman dute Euskal Kosta-Aturrian.

Ondotik, lortutako emaitzekin, Bokale eta Bidarten arteko hiriko laborantzari dagozkion perspektibak zehaztu dituzte bide orri batean. Helburua argi da: lur funtsa atxiki, eta bizigarria den laborantza mota bat zabaldu. Horretarako, jadanik existitzen den eskaera ezinbestekoa dela oroitarazi dute. Hirietan adibidez, eskoletako sukaldaritzak, gero eta gehiago manatzen ditu kalitatezko ekoizpenak, eta joera horri heldu behar diotela lekuko laborariek aldarrikatu dute.

Horretarako, ZAD bat (zone d'aménagement différé) ziurtatu dute Baiona aldean. 746 hektare dira, zeinetan SAFER sozietatearen laguntzarekin edo ez, erosteko lehentasuna ukanen duen hiriguneak. Orotara, ZAD hori 2254 hektarera barreiatuko da Euskal Aturi-Kostaldeko bost hirien artean.

Baratzegintza eta erlezaintza

Urte hastapen honetan, Graines de liberté izeneko elkarteari, Baiona iparraldean den lur eremu bat emanen dio Euskal Herri elkargoak, permakulturan izanen den baserri eredugarri bat sor dezaten. 2000 metro karratu ukanen dituzte hasteko, eta desio duten hausnarketa kolektibo baten ondoren, bost hektare lortu nahiko lituzketela adierazi dute elkartekoek.

Bide berean diharduen bese ekimen bat aipatzeko, Arrousets karrikan Baionan, erlezain batek hamar bat kofoi ipini ahal izan ditu berriki, eta hiri aldean erlezaintza gehiago izan dadin, beste desmartxa batzuk gogoetatzen dituzte oraindik. Bestalde Euskal Aturri-Kostaldeak begi bistan zituen bizpahiru lur eremuri buruz interesatzen da Euskal herri Elkargoak, eta espero behar da bioaniztasunari beharrezkoak zaizkion aktibitate horiek ugarituko direla ondoko urteetan.