Iurre BIDEGAIN

Berrogeita hamar egun Villepinteko zigor ziegan

Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiria azaroaren 18az geroztik zigortuak daude ziega bera partekatzea ukatzeagatik. Beren egoera salatzeko gutun bidalketa antolatu dute eta mila eskutitz baino gehiago helarazi dizkiete kartzelako zuzendariari, baita Justizia Ministroari ere.

Elkarretaratzea egin zuten abenduaren 29an Bilboko Kontsulatu frantsesean. ©Argazki Press
Elkarretaratzea egin zuten abenduaren 29an Bilboko Kontsulatu frantsesean. ©Argazki Press

Ziega bera partekatzea ukatzeagatik, berrogeita hamar egun daramate zigor ziegan Igor Uriarte eta Arkaitz Agirregabiria. Horrek eragiten duenaz gain, ahaideek beren eskubideak urratzen dizkietela salatu dute. Horretarako, familiaren izenean errekurtso bat aurkeztu dute Seine-Saint Denis eskualdeko presondegien Zuzendaritzan eta Askatasunik Gabeko Eremuen Kontrolatzailean.

Ziega bakar batek bi pertsonentzat dituen mugak direla eta, bi euskal presoek agindua lehen mementotik ukatu dute. Euskal presoen egoera aztertzeko diziplina-komisioak antolatu dituzte. Bakoitzean Uriartek eta Agirregabiriak erabakiaren kontra jo eta zuzendaritzak zortzi egunez zigorra luzatzea erabaki du.

"Ez dizkiete pasatu eguberriko paketea. Ez dute ispilurik. Ez dute libururik. Ez dituzte beren gauzak hartzen ahal. Ez dute ikasteko eskubiderik", deitoratu du senide batek. Hala eta guztiz ere, "animatuak daude". Kanpoko sostengu eta mobilizazioa animo horien oinarria dela aitortu du senideak.

Hain zuzen, bi euskal presoen egoera salatzeko gutun bidalketa bat antolatu dute. Gaur egun arte, mila gutun baino gehiago bidali dizkiete espetxeko zuzendariari eta Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroari. "Bidalketa segitzen du eta segitu behar du", azpimarratu du. Horrez gain, iragan abenduaren 29an Bilbon dagoen Kontsulatu frantsesari gutun bat aurkeztu zuten.

"Zuzendariak ez du bere jarrera aldatu nahi. Noiz arte iraun behar du egoera horrek?", aipatu du senideak. Azken horrek legeak mitardean egoteko epea hogei egunekoa dela azpimarratu du. "Zigor ziegan ere ez dituzte beren eskubideak errespetatzen", erantsi du. Zuzendariak Villepenteko kartzelan lekurik ez dagoela azaldu lieke. Hori dela eta, euskal presoek lekuz aldatzea eskatuko lukete.